GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira

Goiherri taldeak orain arte lortutako guztia merezita lortu duela erakutsi behar du 600 kiloko hiru saioetan

J.L.

Euskal Herriko Sokatira Txapelketaren erdia amaitu da; azkeneko bi pisuei ekingo zaie bihartik aurrera. 600 kiloko lehenengo jardunaldia jokatuko da Aian. Ekinaldia 11.30ean hasiko da kiroldegiko atzealdeko belardietan.

Gaztedi, Gaztedi mistoa, Goiherri A, Goiherri B, Getxo, Getxo mistoa eta Mutriku izango dira lehian arituko diren taldeak. Hiru jardunaldira jokatuko da, eta guztira punturik gehien lortzen duen taldeak eramango du txapela.

Orain arte bi pisu jokatu dira, eta bietan Goiherri izan da txapelduna. 600 kilokoa izango da, gainera, Erandiokoen pisurik kutunena, eta beraiek izango dira garaipena erdiesteko faborito nagusiak.

Orain arte Gaztedik izan du talde misto bakarra, baina bihartik aurrera Getxok ere berea izango du, mutilez eta neskez osatutako taldea, alegia. Bigarren jardunaldia uztailaren 3an jokatuko da Loiun, eta pisu honetako azkeneko ekitaldia, berriz, uztailaren 9an jokatuko da San Kristobal auzoan, Erandion, eta hantxe erabakiko da pisu honetako txapelduna.

Harri-zulatzaileak Galdamesen

Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako jardunaldi berri bat jokatuko da gaur 20.00etatik aurrera Galdamesko Kepa Deunaren plazan.

Aldai Alde, Burdin Gazteak, Errekatxo, Txorierri, Kabiezes, Las Karreras eta KZ Kolpeka lehiatuko dira.

Gaurko berrikuntza KZ kolpeka izango da. Neskek osatzen dute talde hau, eta iaz Liga osoa jokatu baldin bazuten ere, aurten proba batzuetan bakarrik lehiatzea erabaki zuten.

Azkeneko jardunaldietan Txorierri izan da onena, eta sailkapen nagusian ere lehen postuan daude 22 punturekin. Hiruren aldea kentzen dio Burdin Gazteak taldeari, eta laurena, berriz, Kabiezesi. Badirudi Ligako garailea aipaturiko hiru taldeen artean egon daitekeela, orain arte ikusitakoaren arabera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo