GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bil Gaiten ekimenari etxetik bertatik ekin behar zaiola uste du Batasunak

Abertzale ezkertiarren indarrak biltzeko berrikitan zenbait hautetsik egindako deia begi onez ikusi du Batasunak. «Erantzukizunez eta ausardiaz jokatzeko» garaia dela uste du eta, «bozen eremutik harago», «estrategia bateratua zehazteko» gogoeta abiatzearen alde dago.

P014_F01.jpg

GARA |

Joan den ostiralean hamarka hautetsi abertzalek «Bil Gaiten» agiriaren inguruan egindako deialdia baikorki hartu du Batasunak. Hala adierazi dute Xabi Larraldek eta Jean-François Lefortek, abertzaleen arteko indarrak biltzeko tenorea heldu dela nabarmenduta: «Bide hori jorratzearen aldekoak gara, ausardiaz eta erantzukizunez jokatzeko ordua delako eta gure asmoak edukiz eta mamiz betetzeko urrats sendoak egin behar ditugulako».

Alta, indar bilketa hori etxetik bertatik eta hauteskunde eremutik harago hasi behar dela uste dute Batasuneko ordezkariek. Izan ere, aipatu agiriaren haritik, hurrengo urratsa «etorkizuneko estrategien inguruan gogoeta sakona abiatzea» litzateke.

Ez hori bakarrik. Mahaikideen esanetan, «Euskal Herrian irekitako prozesua bere osotasunean kudeatu eta bultzatzeko engaiamendua» hartu beharko luke edozein ezkerreko abertzalek.

Ez dute, haatik, hauteskundeen eremua gutxiesten. Garrantzi handikoa dela deritzote eta, kontseilari nagusiak hautatzeko azken bozetan EHBaik lortutako emaitzak horren adierazgarri direla gaineratu dute: «Hirugarren indar politiko gisa kokatu gaituzte, baina ziur gaude Ipar Euskal Herrian mugimendu abertzalearen potentziala urrunago doala, hau da, ezkerreko abertzaletasuna zentro-eskuinari alternatiba eraikitzeko ardatza dela».

Ildo horretan eta estrategia argia finkatzeko hainbat alor zehaztu beharko direla diote, «besteren artean, ikuspegi ezkertiar eta sozialetik jarduera oso argia izatea». Adibide gisa, Batasuneren hitzetan, abertzale eta ezkertiarrak biltzeko deia ez da «bateragarria» kudeaketa-eremu batzuk eskuin frantsesarekin partekatzearekin, zenbaitetan gertatzen den bezala.

Ahots berberarekin

Bi mahaikideek esandakoaren arabera, abertzale ezkertiarren mugimenduak «ahots berberez eta norabide berean eta bakarrean» jardun beharko luke bai «bake prozesu demokratikoari» dagokionez bai «nazio eraikuntzari eman beharreko bultzadari eta Ipar Euskal Herrirako aldarrikapen instituzionalari» dagokionez.

Aurrean diren hauteskundeen hitzorduei begira, -batez ere 2012ko Asanblea Nazionalekoak- zalantzarik gabe, EHBairen formula lehenesten dute, gizartean proiektu abertzale eta ezkertiarra defenditzeko eta aitzinarazteko «tresna egokitzat» jota.

Horiek baino lehenago, irailean izango diren Senatukoak ere izan dituzte hizpide. Batasunaren iritziko, «ez dira hauteskunde demokratikoak», soilik hautetsi «handi batzuek» dutelako boza emateko eskubidea.

Bestalde, hedabideetan agertzen ari diren hautagaitzen ugaritasuna «seinale ona ez dela» uste dute. Abertzaleen eremuarekin zerikusia duten ekimenek -Gabi Mouescarena eta ABk Berdeekin adostua izanen lukeena- agerian uzten dute «molde barreiatuan» ekiten zaiela.

EHBai osatzen duten alderdien artean, gutxienez aurretik aukerak aztertzea merezi duela diote Batasuneko kideek: «Kanpoko aliantzak bilatzera joan baino lehen, abertzaleok elkarrekin gauzak adostea da lehentasuna», adierazi dute, jokamolde horiek Bil Gaiten-en espirituarekin bat ez datozela nabarmenduta.

POTENTZIALA

Ipar Euskal Herrian «ezkerreko abertzaletasunaren potentzial politikoa» hauteskundeetatik harago doala eta zentro-eskuinari aurre egingo dion «alternatiba eraikitzeko ardatza» dela uste du Batasunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo