GARA > Idatzia > Kultura

Lekitto Musika Bandak Oreka Tx izango du bihar ttakun kide

Oreka Tx txalapartariek eta Lekitto Musika Bandak «portu berri bat» erantsi diote Nomadak Tx proiektuari. Bihar gauean elkarlanean sortutako «Ttakun Band» emanaldi berezia eskainiko dute Lekeitioko herriko plazan, 23.00etatik aurrera.

p052_f01_152x108.jpg

Ane ARRUTI | LEKEITIO

Mikel Laboa eta Lekeitio, txalaparta eta ontziola... Lotura ugari eta denbora kontua baino ez Oreka Tx eta Lekeitioko herria elkarlanerako batzea. Denbora bai, baina geldirik egoten ez dakien Urtzi Iriondoren iniziatiba ere bai. Lekitto Musika Bandako zuzendariak -«gogoaren urakan» esanez definitu zuen Harkaitz Martinez txalapartariak-, Nomadak Tx proiektuari segida emateko proposamena egin zion Oreka Tx-i eta horrela sortu dute «Ttakun Band» ikuskizuna. Bihar estreinatuko dute 23.00etan hasita herriko plazan.

«Euskal kulturarekin esperimentatzeko joera hartu du bandak», azaldu zuen atzo Iriondok. Iaz ekin zioten bide honi eta Amets Arzallus eta Jon Maiarekin «Bertso Band» ikuskizuna sortu zuten. «Aurten txalapartarekin proba egitea pentsatu genuen, eta horretarako, zer hobe Oreka Tx baino».

Nomadak Tx proiektua ezagututa, «euren produktua lapurtzea edo bateratzea pentsatu genuen», gaineratu zuen Iriondok. «Beti euren txalaparta eraman izan dute leku mordotara eta kultura nahasketa horretatik sortu dira kantu eta bideo ezberdinak. Horri beste portu bat eman nahi diogu. Bidaia horien guztien ondoren, Lekeitio izango da azken portua».

Etxekoa ezagutzeko parada

India, Sami herria, Maroko, Tinduf edo Mongoliako musikariak ezagutzeko aukera izan zen, besteak beste, Nomada Tx proiektua. Oraingoan etxera begira jarriko dira txalapartariak. «Kanpokoarekiko harreman eta kulturartekotasun hori bilatu izan du proiektuak eta proposamena etxetik etortzea oso berezia izan da», esan zuen Harkaitz Martinezek.

«Askotan ezezagunera jotzen dugu eta gure herria ere, esan beharra dago, ez dugula behar bezala ezagutzen. Kanpora jotzen dugu eta Lekeition egun hauek eman izana, txalupan ibiltzea, ontziolako egurrak probatzea... ezagun beharko lukeen hori ezagutzea izan da. Ez litzateke proiektu txarra Euskal Herria ezagutzeko», gaineratu zuen txalapartariak.

Adin ezberdinetako berrogei musikaritik gora biltzen dituen bandak, beraz, Oreka Tx-ek bidaiatuz sortutako kantuen moldaketak joko ditu txalapartariekin batera. Jokin Zabalza, Juanma Saez eta Javi Ituartek egin dituzte moldaketa horiek eta oholtza gainean Aziza Brahim kantari sahararraren edo Mixel Ducau musikariaren laguntza ere izango dute. «Musika hau herri bakoitzean topatu ditugun musikariekin sortutakoa izan da, eta bat-batean, banda baten babesa jasotzea esperientzia berdina modu oso ezberdinean bizitzea izan da», aitortu zuen Martinezek.

Bestalde, «Nomadak Tx-en jarraipena izateko -toki bakoitzean abesti bat sortu baitzuten- gure kantu bat falta zela ikusi genuen», esan zuen Iriondok. Lekeitio eta Oreka Tx-en elkarguneen bila hasita, Mikel Laboa eta bere «Lekeitioak» etorri zitzaizkien berehala gogora eta komunikazio-inkomunikazio ideiari tiraka sortu du Teresa Zabalzak bihar aurkeztuko den «Dei bat» kantua.

Ikus-entzunezkoek ere izango dute presentzia emanaldian. «Guk `Nomadak Tx' ikuskizuna egiten dugunean proiekzioa sinkronizatuta joaten da herrietan grabatutako irudiekin. Oraingo honetan ezinezkoa izango da hori, baina Iñigo Ganzarainek edizio berezi bat egin du bandaren irudiekin», azaldu zuen Martinezek.

Enekoitz Andonegik Lekeitioko ontziolan eta hondartzetan grabatutakoekin nahastuko dira irudi horiek. Aurrerapen moduan, www.youtube.com atarian eskegi dute «Ttakun Band» deituriko bideoa.

AURRERAPEN BIDEOA

Enekoitz Andonegik egin duen emanaldiaren aurrerapen bideoa Interneten dago ikusgai, Youtube atarian, «Ttakun Band» izenarekin. Bertan, ontziolako irudiak, Lekeitioko kaleetan seineruen oihuak edo hondartzan txalapartarekin egindako saioa ikus daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo