GARA > Idatzia > Mundua

Kandaharreko alkatea hil dute gobernuaren egoitzan eraso suizida bat eginda

Kandahar hiriko alkate Ghulan Haider Hamidi eta bere bizkartzaina hil zituen atzo goizean taliban batek, soinean zeraman lehergailu bat leherrarazita. Talibanek agintarien aurkako erasoak ugaritu dituzte Afganistango hegoaldeko eremuetan.

GARA |

Ghulam Haider Hamidi, Kandahar hiriko alkatea, atentatu suizida baten ondorioz hil zen atzo goizean. Talibanek estrategia gogortu dute eta administrazioko kargu gorenak erasotzea dute helburu, batez ere Afganistango hegoalde gatazkatsuan.

Bertako Gobernuko egoitzan egin zuen erasoa taliban batek, soinean ezkutatuta zeraman lehergailua bat zartarazita. Eztanda gertatu zen unean, alkatea auzotar batzuekin bilduta zegoela jakinarazi du Haiderren bulegoko iturriek komunikatu batean. Agiri horren arabera, alkateaz gain, zibil bat ere hil da leherketaren ondorioz. Poliziak Tolo kateari adierazi zionez, ordea, hildakoa ez zen zibil bat alkatearen bizkartzaina baizik.

Azkenaldian, arduradun politikoen kontrako eraso ugari izan da herrialdearen hegoaldean, hala nola, Harmid Karzai presidentearen anaiordearen kontra egindakoa edo duela bi aste Ahmed Wali Karzai probintziako kontseilaria hil zuena.

«Haider Kandaharren gizon garrantzitsua zen, eta Karzairen aliatu nagusienetarikoa, presidentearen eta bere familiaren babes oso zeukan», azaldu zion probintziako kontseilari Lalai Dastgirik Efe agentziari.

Gauzak horrela, segurtasun eza sumatzen dute agintariek; «denak gaude gure segurtasunarekin kezkatuta, inor ez dago seguru Kandaharren», adierazi zuen Dastgirik. Gainera, eskualdeko eremuak segurtasun egoeragatik kezkatuta agertu direla gaineratu du.

Hil honetan hasi dira, hain zuzen, Ameriketako Estatu Batuetako tropak erretiratzen. Horiek Afganistango segurtasun indarren esku utzi dute herrialdean segurtasuna mantentzeko ardura. Segurutzat jotzen diren zazpi eremuren kontrola hartu dute dagoeneko. Prozesu hori 2014rako amaituta egon beharko litzateke.

Erasoak

Hilabete honetan talibanek agintarien kontrako erasoak ugaritu dituzte. Kandaharreko alkatea hirugarren hildakoa da eta egoerak politikarien kezka piztu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo