GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere | Ipuin kontalaria

Ipuin jaialdietan

 

Lagun kontalari batek kontatu zidan Frantziako Grenobleko Ipuin Jaialdian parte hartu zuela. Harrituta gelditu zen bertan aurkezten ziren ikuskariekin, eszena gaineko lana zaindua oso eta proposamen arras ezberdinekin. Emakume gazte batek ipuin-kontzertua eskaini omen zuen, ipuinak kontatzen zituela atzean musika talde bat zuela; horrek harritu zuen gehien. Jaialdiak berak ere sekulako arrakasta dauka, Frantziako garrantzitsuenetakoa izanik. Antolakuntza ere primerakoa. Eta Pirinioetatik iparraldetik hegoaldera ipuin kontaketaren mundua nola aldatzen den, eta batez ere, zergatiaren inguruan mintzatzen jarraitu genuen.

Landetako Capbreton herrian, abuztuko lehen astean ipuin jaialdi ederra antolatzen dute. Aurten 22. edizioa egin dute. Jaialdi txikia, baina kontalari bikainekin. Hemendik hara joanik gehien harritzen nauena da publikoaren erantzuna, herriko antzoki txikia betetzen baita. Mediatekaren lorategietan jartzen duten karpa ere gainezka egoten da apéro-contes saioak entzuteko. Ikusten da ipuinak entzutea ez dela haurrentzako eta familientzako udako opor egunak betetzeko denbora-pasa soila.

Gure alde honetan dauden ipuin jaialdiek, alta, kontalari bikainak ekarri arren, ez dute lortzen behar besteko erantzunik. Agian, ipuinen gaineko irudi infantilizatua dagoelako. Badugu gurean bidea egiteko ipuin kontaketa jaialdiak indartzeko. Antolatzaileak, komunikabideak, ikusleak, kontalariak, bakoitzak gure aldetik behar den garrantziarekin heldu beharko genioke gaiari. Ipuin kontaketak haurrak lokartzeko beharrean jendeak pizteko izan daitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo