GARA > Idatzia > Kultura

EH Jaietan | ELGOIBAR

Jai giroa eta umore ona nagusi, gaurtik aurrera, Elgoibarren

Gaur eguerdian emango diete hasiera ofiziala Elgoibarko sanbartolome jaiei. 13.00etan udaletxeko balkoitik txupinazoa bota ostean, sei festa egun izango dituzte aurretik elgoibartarrek ospatzeko. Egitarau ofizialaz gain, Jai Batzordeak ere bere programa kaleratu du, oso-osorik autofinantzatua. Aurreko urtean 400 gazte inguru bildu bazituzten Gazte Eguneko bazkarian, aurtengoan zifra hori gainditzea espero dutela iragarri dute antolatzaileek.

p052_f02.jpg

Aimar ETXEBERRIA | ELGOIBAR

Gaur hasi eta hilaren 28ra arte iraungo dute Elgoibarko sanbartolome jaiek. Sei egun dira, bai, baina agian nahikoa ez batzuentzat, euren jai gustukoenaz gozatzeko. Bi egitarau izango dituzte aukeran herritarrek. Alde batetik, Udalak kaleratu duen egitaraua, «ofiziala» erantsita izendatu ohi dena, eta bestetik, Jai Batzordeak kaleratu duena, alegia, «alternatiboa».

Urte osoan egindako lanaren fruitua jaso nahi dute festetan Jai Batzordekoek. Dinamika jarraitua egiten dute, urtean zehar ere ekimenak antolatuz, baina euren esfortzua bikoiztu egiten dute sanbartolometan. Nahiz eta Udalaren aldetik diru laguntzarik ez jaso, herriak herriarentzat egindako jaiak nahi dituzte eta ez udaleko bulego batean erabakitzen diren jaiak.

Udalarekin duten harremana soilik «administratiboa» dela aipatu zuen Jai Batzordeak, eta arrazoi hori eman zuten diru laguntzarik ez eskatzea justifikatzeko, «hainbat urtetan arazoak izan ditugu udalarekin txosnak jartzeko, eskatutako zenbait gauza ez dizkigute ematen... eta horregatik erabaki genuen diru laguntzarik ez eskatzea».

Gune askea

Jai Batzordeko kideek antolatu dituzten ekimen gehienak txosnagunean izango dira. Gune hau, «gune askea» izendatu dute, gune feminista, alegia, non bertan ez den onartuko jarrera sexistarik.

Txosnaguneaz gain, Gaztetxea ere zabalik egongo da gaur, hilaren 26an eta 27an, tabernak eta txosnak itxi ondoren, gautxorientzat aukera paregabea izango delarik, festari segida eman ahal izateko.

Aurreko urtean Gazte Asanbladakoek ez zuten txosnarik jarri jendea Gaztetxera bideratzeko asmoarekin, baina formulak ez omen zuen ondo funtzionatu, eta horregatik, Gaztetxea irekitzeaz gain txosna ere jarriko dutela jakinarazi dute.

San Bartolome bezpera

Goiz-goizetik ekingo diete elgoibartarrek festari. 09.00etan elite mailako txirrindulari txapelketa jokatuko da. 12.30ean izango da sari banaketa.

13.00etan botako dute txupinazoa udaletxeko balkoitik eta jarraian Mauxika txarangak alaituko ditu kaleak. Egun osoko kale animazioari Kukai dantza taldearen ikuskizunak emango dio amaiera. 23.00etan izango da emanaldia, Foruen Plazan.

Bestalde, eta egitarau alternatiboari dagokionez, Elkartasun Eguna ospatuko dute. Preso eta iheslarien aldeko bazkaria egingo dute eta 18.00etan txosnagunea irekiko dute. Ondoren, kalejira egingo dute bertsolariekin, elektrotxarangari txanda eman aurretik.

Jai luzeak dituzte aurretik elgoibartarrek, euren gozamenerako. Parranda egin nahi duenak izango du aukera, baina egunez erantzun egin behar da!

ELKARTASUN EGUNA

Jai Batzordearen egitarauan, preso eta iheslarien aldeko eguna ospatuko dute gaur. Euren aldeko herri bazkaria izango da 15.00etan txosnagunean, eta horren ostean, txosnen irekiera egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo