GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Juan Luis Mugertza Idazlea

Narkotrafikatzaileari alfonbra gorria

Uribe eta Urkulu argazki batean zeuden, irribarrez, elkarri bostekoa ematen. Ordubete egin omen zuten hitz egiten Badaezpada, ez zioten gogorarazi Uriberi azken 25 urteotan Kolonbian hilketek, sarraskiek, mehatxuek eta izuak bost milioi inguru pertsona desplazatu dituztela

Politikan elkar hartzea ez da erraza. Edozein aitzakiak balio du ondokoak luzatutako aukerari uko egiteko, nork bereari eusteko. Euskal Herrian batzuk saiatu dira, behintzat, oraingo hauteskundeetan abertzale guztiok elkarrekin parte hartzen, baina euskal eskumak ezetz esan dio elkarren arrimuan joateari. EAJk urte asko daramatza politika egiten, orain, bat-batean, hartutako ohiturak alde batera uzteko, bestelako ibilbideari ekiteko. Gainera, sinetsita daude Amaiur koaliziokoek, jogurtek bezala, iraungipen data laburra izango dutela eta, sasoi batean moduan, beraiek jaun eta jabe izango direla. Ez, euskal eskumak ez du inolako abenturarik nahi. Aukeran nahiago du bakarrik joan, eta ez edozeinekin. Beldur dio atea zabaltzeari, ezezagunari. Interes handiak dituzte edozein apopilo hartzeko. Aukeran gustukoa, bestela inor ez.

Bai, lehengo astean oso nabarmen utzi zuten nolako jendea maite duten. Kolonbiako presidente ohia, Alvaro Uribe Velez, Bilbon izan zen ikastaro batean, eta horretaz baliatu ziren alderdikideak ostatu emateko, beso zabalik hartzeko, eta «Deia»-koak egunkariaren ideologia lau haizetara zabaltzeko. Lehenengo orrialdean, Alvaro Uriberen argazkia eta guzti ekarri zuten, eta barruan, erreportaje mamitsu eta esanguratsua. Medellinen jaiotakoak oso harro erantzun zien egindako galderei. Oso pozik dago zortzi urtean egindako lanaz; Kolonbiako herriari segurtasuna eta konfiantza eman dizkio, nonbait. FARCen gainean bere iritzia emateko aukera ere izan zuen. Kolonbiako Gobernuak, behin baino gehiagotan, ahaleginak egin ditu bakea lortzeko, elkarrizketaren alde egiteko, baina gerrillak beti aprobetxatu egin du narkotrafikoaren inguruan diru gehiago irabazteko, gero jendea hiltzeko. Berak oso garbi du terrorismoari aurre egiteko zer egin behar duten: buruzagiak atxilotu, damutuei aukera eman, eta ideologia zabaldu, gazteek gerrillaren alde egin ez dezaten. Gobernuak terrorismoaren buruzagiekin hitz egin beharrean, kolonbiar herriarekin hitz egiteko bidea zabaldu du, eta herriak konfiantza hartu du. Gainera, beste gerrilla batzuek diktaduraren aurka egin ohi zuten, baina Kolonbian horren beharrik ez omen dago, Kolonbian demokrazia dute, nonbait. ETA eta FARCen arteko loturaz ere galdetu zioten, nola ez. Alvaro Uribek ez zuen inolako zalantza izpirik izan erantzuna ematean. Batean bere kontra egindako atentatuan poliziek aurkitutako materialak ETA eta IRAren marka zuen. Kolonbian biktimen inguruan erabilitako tratamendua ez du ondo ikusten. Alvaro Uribek oso ondo bereizten ditu Ejertzitoko indar armatuek eta terroristek hildakoak. Elkarrizketa osoak tankera honetako itxura izan zuen. Hori bai, galderak beti ondo eginda, tamainako erantzuna emateko, badaezpada. Gero, egindako lan bikaina borobiltzeko, erreportajearen azpian, Uribe eta Urkullu argazki batean zeuden, irribarrez, elkarri bostekoa ematen. Ordubete egin omen zuten hitz egiten, eta Euskal Herriko eta Kolonbiako bakeaz aritzeko beta hartu bazuten ere, mundu mailako politikaz, Euskal Herriaren eta Kolonbiaren arteko harremanez eta krisiaz ere mintzatu ziren.

Bai, «Deia»-koek ez zuten aukerarik galdu beraien profesionaltasuna begi bistan uzteko. Baina, badaezpada, ez zioten gogorarazi azken 25 urteotan Kolonbian hilketek, sarraskiek, mehatxuek eta izuak bost milioi inguru pertsona desplazatu dituztela. Horietatik %49 Uribe boterean zegoela. Kolonbia dela Sudanen atzetik barne desplazatu gehien dituen herrialdea. Baztertutako pertsona gehienak indigenak eta nekazariak direla eta sarri askotan beren bizilekuek eta lurrek (koka lursailak, mitxoletak...) garrantzi eta aberastasun handia izaten dutela paramilitar eta Gobernuko enpresari askorentzat. Ez, horretaz ez ziren aritu.

Hauteskundeak laster izango dira, baina denak ez du balio politikan, ez Kolonbian ez hemen. Ezin dugu onartu komunikabideen etengabeko manipulazioa, ezin diogu narkotrafikatzaileari alfonbra gorria ipini.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo