GARA > Idatzia > Kultura

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka

«Orain arteko disko primitiboena, agresiboena eta gordinena atera zaigu»

 

p040_f01_194x108.jpg

Karlos Osinaga «Txap»

Lisabö taldeko ahotsa eta gitarrista

Lisabö taldearen sortzailetako bat izan zen 1998an Karlos Osinaga (Irun, 1972). Aurretik Zorrotz eta Kashbad taldeetan aritua, disko ekoizle eta gitarrista lanak uztartzen ditu. Duela bost urte, hazi eta hazi ari den Bidehuts plataforma sortu zuen, Anari eta Inoren Ero Ni bandetako kideekin batera.

Ane ARRUTI | DURANGO

«Ezarian» plazaratu eta bost urteren ondoren, Lisabö talde irundarrak lan berria du kalean. «Animalia lotsatuen putzua» (Bidehuts) lanak sei kantu biltzen ditu, berrogei minutu pasatxo guztira. Aurreko formaziotik izan dira aldaketak eta seikotea Karlos, Javi, Ivan, Asier, Xabi eta Enekok osatu dute. Martxel Mariskalen hitzek biribildu dituzte kantuak, «oraingoan inoiz baino gehiago», Txap-en esanetan. Andoaingo Garate estudioan Martxel Arkarazo izan dute laguntzaile eta nahasketa eta masterizazioa Irungo entsegu lokalean burutu dute, Txap bera gidari zutela.

Gaur Ahotsenean izango dira (14.30) eta gauean, berriz, 21.30ean hasita, Plateruenan, Jupiter Jon -Lisaböko taldekide izan zen Aidaren proiektu berria, Gabon Caligula bezala hasi zena- bandarekin batera. Ostiralean, Angelun izango dira. Otsailean biniloa kaleratzeko asmoa dute eta orduan hasiko dute aurkezpen bira.

Bost urte pasa dira «Ezlekuak» kaleratu zenutenetik.

Gure erritmoak agian ez dira oso ohikoak. Beti gertatzen zaigu gauza bera, nahi gabe. Normalean horrelako ziklo bat irekitzen denean, disko berri honekin adibidez, saiatzen gara pare bat urte biran egoten eta ondoren atsedentxoa hartzen dugu. «Ezlekuak»-en bira bukatu genuenean izan genuen Aidaren uzteko erabakia eta horrek eragin du agian luzatzea. Baina ez dugu beste taldeen erritmoa. Ahal dugunean egiten ditugu gauzak eta horrexegatik luzatu da.

Aldaketak aipatu dituzu; baxu-jotzaile berria duzue.

Bai, Xabi Zabala, «¡pedalea como una bala!». Laguna da, gertuko pertsona bat nahi genuen taldean eta bera orain gutxi hasi da jotzen, baina badugu batez ere musikalki filosofia berdina. Probatu genuen eta oso gustura gaude.

Hasi zinetenetik sarri aldatu da formazioa. Zerk batzen du Lisabö?

Argazkia begiratzen baduzu, bai, aldatzen da. Hasieran bi gitarra ziren, gero bateria bakar bat... baina hori osatzeko urrats naturala izan zen. Guk ere ez genuen asmo jakin bat, gero gehitu genuen bateria bat. Javik taldea utzi zuenean bai izan zela aldaketa handiena, «Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak» diskoa egin genuenean. Baina guk mantendu nahi genuena kontzeptua zen. Ez da hain sakona agian, baina egiten genituen kantuak Lisabö bezala ikusten genituen eta horregatik jarraitu genuen aurrera. Gero, Javi bueltatu zenean, bai da beste aldaketa bat. Beste zutabe bat da, biok gaude ahotsekin, pisu handia dauka taldean. Putada bat bada disko bakoitzak baduelako formazio berri bat eta denbora gehiago eskatzen du zuzenekoak prestatzeko eta konposatzeko. Baina bestela, orain arte ondo moldatu gara eta horrexegatik jarraitu dugu aurrera.

Eragingarri ere izan daiteke jendea erakartzeko.

Bai, biharko -gaurko- formazioarekin ez dugu inoiz jo eta guretzako ere badu morbo gehiago, beldur pixka bat ere bai...

«Ezarian» diskoarekin abiatu zenuten Bidehuts plataforma. Nolakoak izan dira hasierako bost urte hauek?

Asmoa hasieran Lisabö, Inoren Ero Ni eta Anariren lanak ateratzea zen, eta bagenekien gertuko taldeak ere sartuko zirela proiektuan. Baina ez geneukan asmo jakin bat. Lehengo egunean Durangon erreferentzia guztiak begiratzen, konturatu ginen jadanik badirela 21. Oso polita da hori ikustea. Ni harro nago daukagun katalogoarekin. Ez genuen espero eta oso pozgarria da. Baina ekarri du lan handi bat. Ez gara diskoetxe bat baina lan talde bat badago. Ez gara profesionalak, ez dugu dirurik jasotzen hortik, baina orduak sartzen ditugu. Agian ez gara jende askorengana iristen baina iristen garenekin badago zerbait berezia, feedback bat, eta hori izugarria da.

«Animalia lotsatuen putzua» aurkeztu duzue. Nola definituko zenuke?

Zaila da kanpotik definitzea, orain dela astebete arte egon gara nahasketak bukatzen eta distantzia oso txikia da. Disko primitiboena dela uste dut, sinpleena, agian agresiboena, gordinena... Ez dugu horretan pentsatu egiterakoan baina horrela atera da. Badaude pare bat momentu lasai, atseden pare bat, baina bestela nahiko intentsua da. Gainera, azken lanetan bezala, hitzak Martxel Mariskalek egin ditu baina honetan oso kontent nago bereziki. Testuetan lerro bakoitza da irudi bat, paisaia infinito bat, eta hurrengo lerroan beste bat, eta beste bat... Eta hori musikatzean, kantua pilo bat zabaltzen da, orduan hartzen du zentzua, biribildu egiten da.

Sei kantu, berrogei minutu pasatxo. Hasieratik zenuten buruan kantu luzeak egitea ala horrela atera dira?

Ez genekien zenbat kantu sartu nahi genituen. Badago muga bat binilo bat egiteko, berrogei minutukoa, hortik pasatzen bazara kalitatea jaitsi egiten da. Baina ez genekien zer egingo genuen eta ea zer ateratzen zen hasi ginen. Horrela gelditu da azkenean, nahiz eta seia numero arraro bat izan. Norbaitek esango du: «Sei bakarrik?». Ez dakit asko edo gutxi diren. Etorri diren bezala hartu ditugu gauzak.

Lehenengo aldiz, estudio batera jo duzue. Zer dela eta?

Gure lan egiteko moduagatik beste estudio mota batzuetan grabatu izan dugu. Garaten grabatzea, analogikoan, bobinan eta abar, luxu bat da eta probatu egin nahi genuen. Prozesu guztia hor egin nahi genuen baina ezin genuen. Kantuen baseak nahiko bitxiak ziren eta baxuak, gitarrak eta ahotsak grabatzean laborategi moduko bat egin dugu. Lokalean sartu gara, materiala ekarri dugu grabatzeko eta bertan egin dugu estudioa, kantuak eraikitzeko eta nola hazten ziren ikusteko. Bagenituen ideia batzuk eta ez dut esango inprobisazioa izan denik baina bai izan dira momentuak lasai grabatu ditugunak. Bi lan egiteko moduak elkartu ditugu, estudiokoa eta ondoren lokalekoa.

Lehenengo zuzenekoa izango da Plateruenakoa. Nola planteatu duzue?

Berbena pixka bat egingo dugu! -barre egiten du-. Disko berriaren abesti batzuekin hasiko da kontzertua baina gero zaharrak nahastuko ditugu. Denetarik izango da, ordu eta pikoko kontzertua. Saiatzen gara oso kontzertu luzeak ez egiten, denon osasunerako. Gauzak pixkanaka egin behar dira.

 
BIDEHUTS

«Agian ez gara jende askorengana iristen baina iristen garenekin badago zerbait berezia, feedback bat, eta hori izugarria da»

ERDI ETA ERDI

«Bi lan egiteko moduak elkartu ditugu; lehenengo estudioarena, Garaten, eta ondoren lokalekoa, Irunen»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo