GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Santa Luzi Eguna

Krisiak krisi, Santa Lutziko feriak Zumarraga eta Urretxu bete zituen

Milaka lagun hurbildu ziren atzo Zumarragara eta Urretxura Santa Lutzi eguneko feriaz gozatzeko asmoz; salmentak, aldiz, ez ziren oso handiak izan. Eguna pasatu eta euskal produktuen eskaintza zabalaz gozatzea izan zen Euskal Herri osotik gerturatutakoen xede nagusia. Guztira 457 saltoki jarri zituzten bi herrietan barrena, fruitu, barazki, abere eta artisautzaren erakusleiho.

p017_f01_199x104.jpg

Iraia OIARZABAL

Hotz argitu zuen atzo egunak Zumarragan eta Urretxun, eta ohikoa den bezala, neguari hasiera ematen dion Santa Lutzi egunak nekazaritza eta ganadu feria ekarri zuen Gipuzkoako txoko horretara. Hotzak eta krisiak ez zuten jende uholdea galarazi; salmentak, ostera, nabarmen egin zuen behera, azken urteetako joerari jarraituz.

Goizeko lehen orduan, erdi hutsik ageri ziren ganadu feria eta nekazaritzako produktuen azoka. Urdaneta kalean, baserritar bakan batzuk zebiltzan tratuak egin nahian, eta abeltzainak bere aldetik ganadua saldu nahian. Izan ere, nekazarien arabera, goiz ibiltzea komeni da tratuak egiteko. Hala ere, ahaleginak bai, baina salmentak gutxi izan ziren.

Migel Anjel Sukia Lazkaotik hurbildu zen Zumarragara asto eta ahuntzekin, baina bakarra saltzea lortu zuen. «Krisiaren eragina nabarmena da», baieztatu zuen. Horrela, Santa Lutziko ganadu eta nekazaritza feria Euskal Herriko nagusietakoa izanik, oraindik ere jende andana erakartzeko gaitasuna duela azpimarratu zuen. Gehienak «soilik begiratzera» gerturatzen omen dira, ordea. Mattin Villares Urdazubiko abeltzaina ere iritzi berekoa da: «Akaso lursail bat duenak zerbait erosten du, baina gero eta gutxiago».

Urteak dira bi nekazariok Santa Lutzi egunean Zumarragara eta Urretxura joaten direla, dela saltzeko, dela azoka ikusteko, eta azken garaian krisiaren ondorioak gogorrak izaten ari direla nabarmendu zuten, bereziki nekazaritzaren arloan. «Etorkizun zaila dugu aurretik», aitortu zuen Sukiak eta gehienbat abere eta jakien erakusleiho bihurtu dela gaineratu zuen. Egunak aurrera egin ahala, Sukiaren teoria baieztatu egin zen, erosteko asmoarekin joandakoak gutxitu eta eguna pasatu eta feria ikusteko asmoz gerturatutakoen kopuruak gora egin baitzuen.

Zumarragan astoak, idiak, zaldiak eta ahuntzak batu bazituzten, bi herriak batzen dituen plazan kapoi eta oilasko erakusketa izan zen protagonista. Horrela, euskal oiloa arrazako kapoien lehiaketan, Aiako Nekane Gonzalezek eta Carmen Egurzak eraman zuten saria. Arraza arrunteko kapoien modalitatean aldiz, sariak Urretxun gelditu ziren: Quintin Garmendia, Lourdes Mintegi eta Jose Luis Elgarresta izan ziren garaile.

Ganaduaz gain, fruitu eta barazkiak dira Santa Lutziko feriaren beste bereizgarri nagusia. Hala, Zumarragako Euskadi plazan eta Urretxuko Gernikako Arbola plazan fruta, barazki eta gisa guztietako gozoak zeuden salgai. Arlo horretako sari nagusiak, Markina, Berriz, Hernani, Arama, Urretxu eta Zumarragara joan ziren, besteak beste.

Artisautzak ere presentzia handia izan zuen atzokoan, bitxi eta apaingarriek edota eskuz eginiko altzariek herritar zein bisitari askoren begirada erakarri zuten, eta poltsikoak urratzeko aukera eskasa den arren, gutxik eutsi zioten etxera oparia eramateko tentazioari.

Jai giroa nagusi

Santa Lutziko feria sari banaketarekin bukatzen bada ere, ospakizunak ez dira azokara mugatzen. Herritarrak bezperan hasten dira jai eguna ospatzen, eta batek baino gehiagok lo gutxi eginda eta parrandak uzten duen ajearekin egiten du azokako buelta. Goizean, gainera, herriko musikarien doinuek lagunduta Urretxuko Iparragirre plazan egindako ardo dastatzeak giroa piztu zuen. Eguerditik aurrera, parrandazaleenek iluntzera arte eutsi zioten festari.

Egitarauak beste hainbat ekintza ere eskaini zituen atzokoan, janaz eta edanaz harago. Hain zuzen ere, herri kirolak, idi probak eta pilota partidak izan ziren kirolzaleentzako aukerarik onena. Goizean eta arratsaldean, aizkolariak eta harri-jasotzaileak aritu ziren Urretxuko Ederrena pilotalekuan.

Historia luzea du atzetik Santa Lutziko feriak, Erdi Aroan kokatzen dira azokari buruzko lehen zantzuak. Horrela, azken hamarkadetan bi herrietara zabaldu bada ere, XIX. mendean Urretxun ospatzen zen gehienbat. Urteen poderioz ordea, indartzen joan da Santa Lutzi eguna, eta Euskal Herriko feria garrantzitsuenetako bat da gaur egun. Herritarrentzat, huts egin ezin duten zita da neguaren hasierakoa, horren erakusle da atzo Zumarragako eta Urretxuko kaleek hartutako bizitasuna. Hurrengo zitarako urte oso bat itxaron beharko dute herritarrek, bere lau urtaroekin, Santa Lutzi egunak berriro negua ekarri arte.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo