GARA > Idatzia > Kultura

Bertigoa

Amagoia MUJIKA

Bertigoa sabelaren erdi-erdian zulo handi bat sentitzea da. Zulo biribila, perfektua eta sekulakoa, kasik sabelean kabitzen ez dena. Gazi-gozoa da sentsazioa. Izan ere, alanbre gainean behatz puntetan egon eta gero, gauza handia izan behar du bi hankak lurrean ondo iltzatuta sentitzea. Baina aurretik, ibili egin behar da alanbre gainean.

Illunbeko plazara atera ziren atzo zortzi finalistak. Umoretsu, lasai, patxadaz... Tarteka gora begiratzen zuten, eta ezkerrera eta eskuinera. Seguru igandean harmaila horiek nolakoak izango diren imajinatu nahian zebiltzala; Illunbek ia 10.000 lagun hartuta zein usain eta kolore izango dituen imajinatu nahian. Imajinatze hutsak bertigoa sortzen du. Eta bertigo eta guzti, igoko dira oholtzara eta alanbrean aurrera eta atzera arituko dira; ez erortzeko ahaleginean eta, tarteka, salto dotoreren bat egitera ausartuz. Gauza handia izan behar du norberak bere bertigoa horrela kontrolatzea edo, behintzat, horren itxura ematea. Illunbeko plaza hutsaren erdian jarri eta bertsolariak zergatik miresten ditudan gogoratu naiz.

Besteak, bertigoak gu kontrolatzen gaituenak, akrobaziak ikusi eta gozatzera joango gara igandean Illunbera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo