GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gipuzkoa Zero Zaborrek 38 alkatek hartutako konpromisoa txalotu du

Sanmarko Mankomunitateko lehendakariak eta 38 udalek Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietateari zaborrak modu eraginkorragoan bilduko dituztela jakinarazi izana txalotu du Gipuzkoa Zero Zaborrek. Orain «hausnartu, informatu eta erabakiak hartzeko» unea dela uste du.

GARA | DONOSTIA

Gipuzkoa Zero Zabor pozik agertu zen atzo Zubietako Errebote plazan eskainitako prentsaurrekoan. Hala, aste hasieratik hona hondakinen auzian «asko aurreratu» dela nabarmendu zuten. Zentzu horretan, herrialdeko 38 udalerritako alkateek eta Sanmarko Mankomunitateko lehendakariak Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) sozietateari bilketa sistema eraginkorragoa ezarriko dutela jakinarazi izana «txalogarria» dela azaldu zuten.

Era berean, GHKren administrazio kontseiluak Zubietako errauste planta eraikitzeko proiektua sei hilabetez eten eta gaia aztertzeko egindako proposamena ere positibotzat jo zuten. Gipuzkoa Zero Zaborrek ordezkari bat du egun administrazio kontseilu horretan.

Luzamendu gisa ulertu

Hurrengo sei hilabeteak «hausnartu, informatu eta erabakiak hartzeko aldarrikatu izan dugun luzamendu bezala» ulertzen dituztela ere azaldu zuten. «Herritarren ongizatea lehenetsi eta ingurumen osasungarri batean bizitzeko eskubidea bermatuko duten erabakiak erdiesteko garaia da. Datuak eta informazioa dira `zero zabor' helburua babesten dugunon argudiorik sendoena, eta, beraz, zentzuzko bidea nagusituko den ziurtasun osoa dugu», esan zuten.

GHK-ko aurreko administrazio kontseilua ere izan zuten gogoan, EAJ, PSE eta Hamaikabat alderdien esku zegoena hain zuzen ere. Maiatzeko hauteskundeak pasata, ezohiko bilera batean Zubietako proiektua blindatu nahi izan zutela gogoratu eta «azken erabakiek zulo ilun horretatik atera eta argia ikusteko aukera» eman dutela azaldu zuten.

Azken egunotako erabakiek «aukera bat» ireki dutela uste dute. «Egun, Gipuzkoan `zero zabor' helburua gauzatzea gertuago dago lortzetik ez lortzetik baino», amaitu zuten.

sei hilabeteko epea

«Hondakinen auzian denok gara arazoaren parte. Gaia despolitizatu eta adostasuna bilatzeko baliatu beharko genuke orain irekitzen den epea», adierazi du Gipuzkoa Zero Zaborrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo