GARA > Idatzia > Euskal Herria

Amaiurko gaztelua zegoen muinoan eraikitako zutarria, «Pregoi» aldizkarian aztergai

«Pregoi» aldizkariaren bigarren zenbakiak Amaiur herri, gaztelu eta zutarriaren historia jorratzen du. Pello Esartek idatzita, «gure herriaren historia ilunpetik ateratzeko» tresna izaten jarraitu nahi du agerkariak.

p022_f02_97x100.jpg

GARA |

«Pregoi» aldizkariak bigarren zenbakia du kalean. Lehendabiziko zenbakiak Nafarroako Erresumako instituzioak eta foruak aztertzen zituen, eta bigarrenak Amaiur herriaren inguruko historia azaltzen du, eta bereziki Nafarroaren independentzia defendatu zutenen omenez eraiki zuten zutarriaren inguruko informazioa biltzen du.

Argitalpenaren arduradunek azaldu zutenez, Nafarroaren konkistaren pasarte garrantzitsua da Amaiurko gazteluaren kontrako erasoaldia, eta «gure independentzia defendatzen zutenen kontrako gatazka ez ahazteko oroitarriaren sorrera ere azaltzen da. Izan ere, Nafarroako Oroitarri Historikoen Batzordeak bultzatu zuen monumentuak polemika sutsua piztu zuen «ikurren guda puri-purian zenean».

1512-2012 Nafarroa Bizirik-ek argitaratu du Pello Esartek gazteleraz idatzi duen 46 orrialdeko dokumentu hau, Amaiurko Gaztelu Elkartearen laguntzarekin. Dagoeneko 4 eurotan salgai dago zenbaki berria.

Guztira, mila ale kaleratu dituzte, bigarren zenbaki honen aurkezpenean azaldutakoaren arabera. Juan Mari Aleman Amaiurko Gaztelu Elkarteko kideak, ekimenaren kide Sergio Iribarrenek eta Pello Esarte historialari eta testuen egileak aurkeztu zuten berria.

Komunikabideen aurreko agerraldian gogorarazi zutenez, jarraipena eman nahi diote «gure herriaren historia ilunpetik ateratzeko ahaleginari», eta helburu horretan, publikazioa «akulturazio-prozesua» galarazteko tresna izatea nahi dute.

Pello Esarteren lana nabarmendu zuten, bestalde. Azaldu zutenez, «luma zorrotza bezain indartsua» duen historialariak behar den bezala aztertzen ditu pertsonaiak, gertaera zein deklarazioak, «testuinguruaren lurrina ahaztu gabe».

«Pellok idatzitako lan honi esker, Amaiurko tontorrean dagoen oroitarrira hurbiltzen garen hurrengo aldian beste modu batez begiratuko diogu, zalantzarik gabe», esan zuten.

Esartek, bestalde, 1895ean sortu zen Nafarroako Oroitarri Historikoen Batzordearen lana ekarri zuen gogora.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo