GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Patagonia Bide berria

«Venas Azules», norvegiarren marra ikusgarria Torre Eggerren

Ole Lied eta Bjorn-Eivind Aartunek osatutako sokadak bide berria zabaldu du erpinaren hego aurpegian. 300 metro berri dira, 7 luze guztira, honako zailtasunerarekin: 6b+, A1, AI6. Bi eguneko jarduera hau estilo alpinoan egin zuten.

p040_f01_148x273.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Joan den abenduan iritsi zen bi norvegiarrek Patagoniako Torre Eggerreko hego aurpegian sortutako marra berria. Eta kohete ikusgarri baten gisan iritsi zen; izan ere, Ole Lied eta Bjorn-Eivind Aartunek egindako aportazioaren eskutik jaso da. Bai, bide berria, «Venas Azules», goi mailako produktu bat da; izotzean lortutako proposamen arras erakargarria.

Batzuen batzuek diote, Patagoniako denboraldi honetako «bidea» dela; hots, zabaldu eta eskalatu den biderik borobilena. Iritzi horren inguruan ñabardurak egon daitezke, baina argi asko dago jarduera bikaina izan dela; cum laudem izendapena jaso dezakeena, alegia. Torre Egger (2.850 m) ez da erpin multzo horretan dagoen entzutetsuena. Fitz Roy edo Cerro Torreren «itzalpean» dagoela esan daiteke, baina, inolako zalantzarik gabe, mendi zorrotz horrek benetazko osagaiak jasotzen ditu bere baitan.

Bi alpinista hauek 950 metroko eskalada egin zuten honako zailtasunekin: 6b+, A1, AI6. Alabaina, aipatu behar da, berez, 350 metro berri zabaldu zituztela; hots, zazpi luze ukitu gabeak: M5, 90°, 90° eta A1, 90°, 95°, 90° eta 90°. Irakurtzen den legez, ia guztia izotzean, eta, gainera, oso tentea eta eroriarekin.

Lied eta Aartunek bi egun behar izan zituzten beren sinadura egin ahal izateko, eta nabarmentzekoa da eskalada osoa estilo alpinoan egin zutela. Lehendabiziko egunean Egger eta Torreren artean dagoen lepora iritsi ziren. Horretarako, Rolando Garibotti, Ermanno Salvaterra eta Alessandro Beltrami hirukoteak 2005. urtean zabaldutako «El arca de los vientos» bidetik igo ziren; hori bai, hainbat aldaerarekin.

Abenduaren 24a zen, eta gaua lepo horretan igaro zuten. Biharamunean, berriz, benetako aportazioa iritsi zen. Egun borobila izan zuten; izan ere, eskalatu zituzten zazpi luzeak «erotzeko» modukoak zirelako. Iragarri dugun bezala, 350 metro berri horien ezaugarri nagusia izotza da; baina zer-nolako izotza! Aartunek GARAri baieztatu dioenez, oso izotz ikusgarria zen: «Oso eskalada bertikala izateaz gain, luze batean izotzak eroria zuen. Izotz bertikala eta bi `perretxiko' oso luzeak Eggerreko hego aurpegiko mendebaldeko isurialdean itsatsita zeudenak». Jaitsiera egun berean egin zuten.

Oso begiratua

Hitz bitan esanda, izotz alpinoa, baina Patagoniako erpin batean. Hitz batean esanda, hamar izarretako bide berria. Hitz batean, bakarra bere estiloan. Gainera, aipatutako horri guztiari bi norvergiar hauek erakutsitako ausardia gehitu behar zaio. Eta ausardia diogu marra hori goi mailako alpinista askok begiratu zutelako. Begiratu, jakina, gero eskalatu ahal izateko. Baina, aipatu dugun bezala, bide horretan lehena saiatzen (eta lortzen) norvegiar sokada hori izan da. Salvaterrak, adibidez, duela zazpi urte aipatu zuen asmoa zuela bide horretan sartzeko. Beste goi mailako alpinista batzuek ere asmo bera erakutsi zuten, baina lehenak saiatzen lerrootako protagonistak izan dira. Hori bai, zehaztu beharra dago izotz formazio horiek ez direla beti baldintza berberetan egoten, eta zaila da, beraz, momentu aproposa aurkitzea.

«Zortea» izan dutenak Lied eta Aartun izan dira, eta Eggerrek dagoeneko marra berri ikusgarria jasotzen du bere baitan: «Venas Azules». Norvegiar hauek, bederen, izotzaren baldintzek aldarrikatu zituzten mezuak ondo bideratzen jakin dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo