GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Flor Diaz Carrasco SOS Haurtxo Lapurtuak-Euskadiko presidentea

Gizarte atsekabetu bat

Agian komenigarria izan daiteke istorio batekin hastea, Montaignek bere entseguetan jaso zuena, hain zuzen ere:

«Gure zuzenbidearen kontzientzia» du izena:

«Herrixkako emakume batek salatzen zuen, zuzentzale handia zen armadako buruzagi baten aitzinean, soldadu bat bere haurtxoei ebatsirik haien hazteko gelditzen zitzaion zopa apurra, armada horrek inguruko herrixka guztiak xehakaturik. Frogarik ez zuen batere. Buruzagiak, emakumea hertsatu ondoren ongi begira ziezaion zioenari, bere salaketaren hobenduna izanen litzatekeelako gezurretan ari bazen, irekiarazi zion sabela soldaduari gertatuaren egia argi izan zedin. Eta aurkitu zen emakumeak arrazoia zeukala. Erabaki irakasgarria».

Bide luze eta gorabeheratsua egin behar izan dugu hiru hilkutxa hutsik zeudela frogatu ahal izan dugun arte. Primo Levik zuzen zioen bezala, gertaera hauen aurrean lotsa eta errua sentitzea logikoa da, delitu lazgarri horren hobenduna giza familiakoa ere dugunez gero. Guztiok dugu egia argitzeko erantzukizun morala. Pertsona baten iragana apetaren arabera aldaraztea gizatasunaren aurkako iraina da.

Zenbat hilkutxa aurkitu behar dituzte agintari guztiek hutsik, gertatu dena krimentzat jo dezaten? Zenbat hilkutxa huts, zenbat arauz kanpoko txosten, zenbat familia nahigabetu behar dira erakunde guztiek ikertzeko erantzukizuna onar dezaten? Noraino sozializatu mina?

Gorpurik gabeko hiru kutxa atera dituzte hobietatik, eta horrek gizartea asaldatu du, are gehiago kontuan hartuta iragan ez horren urrunak eragiten duen mesfidantza, gizarte maila guztietan greba morala eta etikoa ezarri zuten garai haiekikoa, alegia. Gaur egun 700 familia kaltetu daude Euskal Autonomia Erkidegoan; 200 salaketatik gora jarrita. Eta kopuruak handitzen doaz egunetik egunera.

Gertaera hauek ezin dira ahanzturan galdu. Ez gaitezen lokartu: denbora gure kontra ari da. Saia gaitezen beste erkidegoentzako eredu izaten, haietan, tamalez, kasuak artxibatzen ari baitira. Ziurgabetasuna eta gizartearen mesfidantza zauri dira elkarbizitzarako. Ikas dezagun, Montaignek aholkatutakoari jarraituz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo