GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria osoa elkartuz euskara zabaldu nahi du aurtengo Herri Urratsek

Maiatzaren 13an «Elkartuz zabaldu» lelopean ospatuko da aurten Herri Urrats. Seaskaren aldeko bestak joan den urteko kanpaina segituko du, bilduko den dirua Xalbador ikastolako lanak finantzatzeko izanen da. La Troba Kung-Fu talde katalanak egin du aurtengo kantua.

p021_f01.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

«Elkartuz zabaldu» nahi du Herri Urratsek. Euskararen aldeko elkartasuna lau haizetara zabaldu: euskaldun zein erdaldunei, haur zein zaharrei eta bereziki erakundeei, euskararen irakaskuntzak dituen beharrei erantzun diezaieten. Seaskak, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak, hurrengo ikasturtean 3.000 ikasleen muga gaindituko du, baina hazkunde horri behar bezala erantzuteko beharrezkoak diren azpiegituren garapenari aurre egiteko egoera zailean daudela nabarmendu du Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak.

Aurreko edizioan hasi zen kanpainari heldu dio 2012koak. Joan den urteko «Laku bat munduan» lematik abiatuta, elkartasuna eta indarren metaketaren ideia garatu dute aurten ere. 2011n Euskal Herriko txoko guztietatik hurbildu ziren euskaltzaleekin bat egiten du logoak. Sei pertsonen irudia ikusten da Euskal Herriko lurraldeak irudikatuz zazpigarrena den lakuaren inguruan besarkatuta.

Bestan bilduko den dirua ere iaz ireki zen finantziazio kanpainarako erabiliko dute, Kanboko Xalbador ikastolaren alde. Ehun urte egin berri dituen Nere Pentzea etxean kokatzen da ikastetxea, eta eraberritze lanetan hasi dira. 5,5 milioi euroko aurrekontua dute, eta zenbateko horren erdia erakunde publikoek finantzatuko dute. Herri Urratsi esker bilduko den diruaz gain, diru bilketa kanpaina ere jarriko dute abian diru zama horri aurre egin ahal izateko.

La Troba Kung-Fu

Leloarekin bat eginez, aurtengo kantua Euskal Herriko mugetatik kanpo datorkigu. La Troba Kung-Fu talde katalanak Herri Urratseko egun baten kontaketa euskaraz egiten duen kanta aurkeztu du. Izenburutzat aurtengo lema hartu dute: «Elkartuz zabaldu».

Abestia Damba taldearekin elkarlanean osatu dute katalanek, eta elkarlana kantuaren hitzetatik harago doa, musikaren estiloan ere nabarmena baita. Fandango musikarekin hasten dira doinuak, baina runba eta kalejira estiloetan murgilduz doa konpasek aurrera egin ahala.

Programa osoaren aurkezpena besta eguna hurbiltzean egingo badute ere, Senperen joko duten zenbait talderen izenak iragarri dituzte jada: Zarma, Su ta Gar, Gose eta Anje Duhaldek egingo dute euskaldunen ordezkaritza. Katalanen tokia ere handia izanen da, La Troba Kung-Furekin batera Obrint pas valentziarrak ere Senperen izanen dira.

Bestaren egituran aldaketarik izanen ez den arren, zuzendaritzan aldaketa nabarmena izan da aurten. Azken hamar urteotako presidente izan den Serge Zudaire Zuzu-k postua utzi egin du. Hogeita bost urte zeramatzan Zudairek ikastolen aldeko bestaren alde lan egiten. Elkarteko kideek eta Seaskako Hur Gorostiagak «Urte hauetan guztietan eginiko lan handia» eskertu diote. Patxi Etchebarnek hartu du orain presidente kargua.

Integrazio Batzordearen Partaidetza Eguna

Seaskako sarean ahalmen urriko haurren eskolatzeaz arduratzen den Integrazio Batzordea (IB) sostengatzeko asmoz, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hamabi herritan Partaidetza Eguna antolatu dute gaurko. Maule, Donapaleu, Donibane Garazi, Baigorri, Hazparne, Kanbo, Uztaritze, Baiona, Angelu, Senpere, Azkaine eta Urruñan informazio mahaiak ezarriko dituzte IBren helburuen eta jardueraren berri emateko.

Horrekin batera, bakoitzak bere neurrian diru ekarpenak egiteko moduak ere azalduko dituzte, besteren artean, ikastolako ahalmen urriko haurrek Watson, Manu, Mouss eta Hakimen laguntzarekin grabatu duten «Haurrak Kantuz» CDa eskuratuz.

Izan ere, IBren premiak ez dira makalak. Behar bereziak dituzten haurrok eskolatzeko behar diren neurriak jartzeko betebeharra Gobernuak ez du betetzen, eta hala, aurten ere IBk 100.00 euro bildu behar ditu 10 hezitzaile eta 6 laguntzaileren kostuari aurre egiteko.

Gaurko Partaidetza Egunarekin urtean zehar garatuko den kanpaina abiatuko dute, hautatutako leloak dioen moduan, «Elkarrekin bizi eta ikasiz, elkarrekin bizitzen ikastea» bideratuko duena. A.M.

LOGOA

2012ko Herri Urratseko logoa Seaskako ikasle ohi batek asmatu du (Andde Zudaire). Euskal Herriko beste sei herrialdeetatik Senperera hurbiltzen diren euskaltzaleak irudikatzen dituzte aintzira inguratzen duten sei pertsonen irudiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo