GARA > Idatzia > Kirolak

Xan BEHERAN ETXANDI | Skaterra

«Euskal Herriko federazioak bertako eszena indartzen eta gorpuzten lagunduko luke»

Egunkarietan oso gutxi hitz egiten da skateaz; beraz, nahiko kirol ezezaguna da. Kirol honen berri izateko, Lapurdiko skater batekin izan gara. Xanek 24 urte ditu, Donibane Lohizunekoa da eta skate eszenan oso ezaguna da. Eskarmentu handia du, maila handiko txapelketetan parte hartu du eta skatean ibiltzen ere irakasten du. Berarekin solasean izan gara eta kirol hau hobetoxeago ulertzen lagundu digu.

p052_f01_148x196.jpg

p052_f02_148x124.jpg

Haritz LARRAÑAGA |

Skatea egunkari eta ohiko komunikabideetan itzal handirik ez duen kirola da. Irudi ikusgarriak eskaintzen ditu kirol honek, baita erreportajeak egiteko aukerak ere, baina lehiaketa mailan antolaketa oso konplexua da.

Skatea ez dago modu zehatz batean egituratua, eta horrek hedabideek jarraipen iraunkor bat egin ahal izatea zailtzen du. Horregatik, kirol hau egiten duen norbaitekin hitz egin nahi izan dugu, mundu hori apur bat ulertzen lagun diezagun.

Xan Donibane Lohizunekoa da eta oso ongi ezagutzen du skatearen mundua. Berarekin solasean arituta apur bat gehiago ikasteko aukera izan dugu.

Noiz eta nola hasi zinen skatean?

Hasieran, ni pilotan aritzea nahi zuen nire aitak. Entrenatzen eta torneotan parte hartzen ari nintzen beti, eta sobera aspertua nintzen. Gero, nire lagunek, Jon eta Julen Heguyk surf mundura gerturatu ninduten. Getariko bowlean (katilu moduko arrapala) skateatzen hasi ginen; long skatearekin maldak jaisten genituen, eta pittinka mundu hori ezagutzen hasi nintzen, alegia, surfa, skatea...

Orduan hamabi urte nituen. Rolerrak erosi nituen. Bai, lotsagarria da, baina hasieran rolerrekin ibiltzen hasi nintzen (hau irriz dio, txantxetan).

Egun batean, zabortegi batean skate taula bat aurkitu nuen. Gurpilik gabe zegoen; beraz, ia osorik muntatu behar izan nuen. Hura izan zen nire lehen skatea.

Kirol anitz egiten dituzu?

Hasieran denetik egiten nuen. Surfean txapelketak egiteko proposamena ere jaso nuen, baina momentu batean erabaki nuen skatea serioski egitea eta snowboarda eta surfa maila apalago batean egitea, soilik plazeragatik.

Egun, oraindik, lagunekin pilotan eta surfean egiten jarraitzen dut, baina skatea desberdina da, gainerako kiroletatik bereizten dut, beste maila batean nabil skatean nabilenean.

Kalean edo maldetan, non ibiltzen zara gusturago?

Gehien maite dudana arrapalan ibiltzea da, karriketan gutxi aritzen naiz. Bowla da gehien erakartzen nauena. Ariketei dagokienez, asko maite ditut airekoak, baina hemen, iparraldean, estrukturak txikiegiak dira airekoak behar bezala egiten ikasteko; beraz, Bizkai aldera joan behar izaten dugu.

Hegoaldean badira skatean ibiltzeko leku ederrak. Pasaian dagoen Campsa skate parkea asko maite dut eta Bizkaian ere pista onak badira, Leioan, Algortan eta Sondikan.

Lesio asko izan al dituzu?

Ez dut maite horretaz mintzatzea. Ez dut esperientzia txar handirik izan, eta horretaz hitz egiteak apur bat beldurtzen nau, orain artean izan dudan zorte ona alda daitekeela pentsarazten baitit. Batzuetan abiadura handian ibiltzen gara eta horrek arriskua ekartzen du.

Orkatila edo oina sarritan zaintiratu dut eta eskuin eskuko hatz txikia, txikerra, birritan hautsi dut lurrera erorita.

Ez dut babesgarriak erabiltzeko ohiturarik, baina aurrerantzean kaskoa erabiltzen hastea erabaki dut.

Txapelketetan ere eskarmentua baduzu...

15 urterekin Frantziako kopak egin nituen. 16 urterekin, berriz, Europako Kopako txapelketak egin nituen, eta gero, internazionalak, Marseilla hirian. Hura sekulakoa izan zen.

2005. urtean, munduko txapelketan parte hartzeko sailkatu nintzen eta internazionaletan munduko aurreneko ehun postuetan nintzen. Alta, ez nuen ezer egin, zeren biziki harritua nintzen han zegoen mailarekin. Baziren amerikarrak itzelezko ariketak egiten... Ivan Rivado Espainiako txapelduna ere han zen, baina hark ere, ni bezala, ez zuen ezer egin.

Gero, arrapala txikietan egin nituen txapelketak, Italian, Europako Kopan, hamahirugarren postua lortu nuen 2010ean.

Skatean ez da selekziorik?

Nik beti esaten dut nongoa naizen, euskalduna naizela. Lehiaketetan ez duzu estatu bat ordezkatzen, modu indibidualean lehiatzen zara. Frantzian bada selekzio bat, baina ez dakit oso ongi nola antolatua dagoen. Espainian, ostera, ez dakit horrelakorik ba ote den.

Euskal Herri mailan skate federazio bat antolatzea gustatuko litzaidake. Modu horretan, errazagoa litzateke erakustaldiak, txapelketak edo ikastaroak antolatzea. Bertako eszena indartu eta gorpuzten lagunduko lukeela uste dut. Egun sakabanatua dagoen mugimendu horri forma emango lioke.

Inoiz aldizkariren batean agertu zara?

«Trasher» aldizkarian; AEBetako skate aldizkari famatu bat da. Orain gutxi arte Frantzian aldizkari honek bere ale propioa argitaratzen zuen eta behin lehen orrialdean agertu nintzen.

Nire argazkiak hainbat aldizkari agertu izan dira eta elkarrizketak ere egin izan dizkidate. Egun Frantzian dagoen aldizkari bakarrak «Sugar» izena du eta maiatzeko alean agertuko naiz. Elkarrizketa bitxia egin zidaten. Euskal identitatearen inguruan eta euskaldunek independentzia zergatik nahi dugun galdetu zidaten.

Eta zer erantzun zenien?

Euskal identitateak bere baitan eremu asko biltzen dituela esan nien, guk geure hizkuntza, kultura, gastronomia eta arkitektura propioa ditugula. Eta horrek nortasun edo identitate bat ematen digula. Eta independentzia zergatik nahi dugun? Ba, ez desagertzeko. Bizirik irauteko beharrezkoa dugula erantzun nien.

Aurrera begirako asmorik?

Lan finko bat aurkitu eta goi mailako lehiaketan berriz aritu nahi nuke.

 

 

«Nik maite dudan kirola besteei transmititu nahi nieke»

Skate irakaslea zara?

Orain kirol guztietan iniziazioak egiten laguntzeko irakasle titulua ateratzen ari naiz. Paradoxikoki kirol desberdin ugari irakatsi behar dut prestakuntza gisa, baina skate ikastaroak ez dituzte aintzat hartzen akademian. Beraz, lehenik titulua atera eta gero aparteko ikastaro bat egin beharko dut, gainontzeko kirolen kasuan bezala, hastapen ikastaroak eskaini ahal izateko.

Baina ikastaroak eman izan dituzu?

Bai. Eman izan ditut ikastaroak; Baionako haurrei, Biarritzen, Hendaian, Donibane Lohizuneko gazteei ere eman behar diet.

Lan egin izan dut, edo egiten dut, herriko etxeentzat, edo haur egonaldietan, azken hauek euskaraz.

Hala ere, ni ez naiz lehena hau egiten. Nire lagun batek, ni baino zaharragoa denak, egin zituen lehen ikastaroak.

Skate eskola bat daukazu?

Ez, nik ez dut ezer sortu. Gauza da proposatu ditudala udalekuetan eta herriko etxe batzuetan kurtsoak emateko, baina nik ez dut skate eskolarik. Bada Biarritzen skate gune bat eta bertan skate eskola ere bada. Hegoaldean ez dakit halakorik baden. Nik beti iparraldean eman ditut ikastaroak, baina hegoaldean ere saiakera egin nahi nuke.

Nik nahi nuena zera zen, lan bat plazer emango zidana, eta skate ikastaroak ematea aukeretako bat da. Skatea egin eta nik maite dudan kirola besteei transmititu nahi nieke.

Zer irakasten diezu ikasleei?

Lehen urratsak erakusten dizkiet, aitzinatu-gelditu, estrukturak jaitsi, eta hortik abiatuta, balazta egiteko mila era daude, baita saltoa egiteko ere... Beldur direnei beldurra gainditzen laguntzen diet, eta badira batere beldurrik ez dutenak ere, eta horiek lasaitzen saiatzen naiz.

Askotan galdetzen diot nire buruari skatean urratsak zuzen egiteko metodo egokiena zein ote den.

Ba al da adin mugarik?

Ikastaroetan 6 eta 12 urte bitarteko ikasleak izan ditut nagusiki, baina nik ez nuke adin mugarik jarriko, edozein has daiteke skatean ibiltzen.

Zein aholku emango zenioke skatean ibiltzen hasi nahi duenari?

Lehenik, zera esango nioke, kirol zaila eta arriskutsua dela eta, beraz, lasai hartu behar dela. Bestalde kirol ederra da. Beldur bazara, ez duzu sobera arriskurik hartuko, baina ibilian, pixkanaka konfiantza hartzen da eta beldurra gainditzen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo