GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Getxo Blues

Azeri zaharra gitarran, txakur zaunkak airean

Azeri zaharra da Elvin Bishop, Oklahoman sortu arren -batzuek Kalifornian sortu zela diote-, beste makina bat bluesman handiren antzera, Howlin´ Wolf, Muddy Waters... gaztetatik Michigan laku ertzera jo zuen gitarra jotzailea.

p052_f02.jpg

Anartz BILBAO I

Chicagoko blues elektrikoaren ordezkariak Getxo Blues jaialdia ireki zuen ostegunean, seikotean oholtzara agertuta; Bob Welsh gaztea (gitarran), Ruth Davies ilehoria (kontrabaxu elektrikoan), S. E. Willis dotorea (soinu eta teklatuetan), Bobby Cochran (baterian) eta Ed Earley lasaiak (tronboian) taldekide zituela. Azken biak, taldeko beltz bakarrak, bikainak ahotsetan ere.

Jada 70 urte betetzear, gazteleraz polito moldatzen da gitarra jotzailea, eta noizbehinka zaleekin komunikatzen saiatu zen. Jesarrita jo zuen abesti apurretako baten atarian, «nagusia naiz eta hobeto jotzen dut», aitortu zigun eta zalantzan utzi gintuen. Hobeto jotzen du... aulkian jarrita ala zaharra delako? Ez da broma gero, jakina baita blues zoragarria egin daitekeela hatz motelez ere. Eta bluesak tristeziari kantatzen badio, Bishopek badu zeresana, emaztea eta alaba hilketa batean galdu zituen-eta, 2000. urtean.

Gitarra txikiz jositako alkandora hawaiiar xelebrez eta Gibson gorri eder bat eskuetan, zuzeneko azken lana aurkeztu zigun, “Raisin´ Hell Revue (live)” –1977an plazaratu zuen “Raisin´ Hell”–, irribarrea galdu barik. Kasik puntualitate britainiarrez ekin zion  –goiz samar, 20.00etan–; sarri jotzen hasteko erabiltzen duen “Stomp”, bluegrass eta country nahasketa, eta “That´s my Thing” kantuekin. Soinua ez zen guztiz bikaina, baina bai onargarria, pasarte elektriko indartsuenetan ñabardurak egoki entzuteko ozenegia bazen ere. Publikoan giro “etxekoia”, harrigarriro oso gazte gutxi –ez dugu uste 6 euroko sarreragatik denik– eta aurki dantzan hasiko ziren zale eskarmentudunak nagusi.

Gero eta animatuago, erdialdera “Little Brown Bird” eta 2005eko “Gettin´ my Groove Back” lanari izena eman zion kantua jo zuen, baita “What the Hell is Going On” ere; tarteka The Allman Brothersen soinura hurbilduz –elkarrekin jo zuten 1971n–. Bukaera aldera, azken lana irekitzen duen “Callin´ All Cows” jo zuen, 70eko hamarkadan lagun izan zuen Bo Diddleyren kutsu nabarmena daramana; baita, “Travelin´ Shoes” tartean emanda, lan bereko “Rock my Soul” ere, Bishopen zuzeneko klasiko espirituala. Eta bukatzeko, hasi eta ordua pasatxo baino ez zela, “Booty Bumpin´”.

Zaleek eskatuta, bisetan hiru kanta gehiago eman zituen maisuak, batzuetan steel gitarra joaz eta besteetan musikariak xaxatuz, gitarra bikoteen elkarrizketa pasarte politak eginez. Azken kantua, “My dog”, musikaria mozkor-mozkor eginda dagoenenetan etxeratzen duen txakur fidelari eskainia... eta entzuleen laguntzaz emana (zaunka jarri gintuen eta!).

Jaialdia Joe Louis Walkerrek itxiko du gaur –21.00etan Bihotz Alai plazan (10 euro)–. 1986tik gaur egunera arte hogeitik gora lan luze argitaratu ditu, eta Getxon Alligator Records etxe sonatuarekin egin duen debuta aurkeztuko du JLWk, “Hellfire”.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo