GARA > Idatzia > Kultura

Zeru grisak milaka musika kolore ernarazi ditu Heletan

Indarrez abiatu da EHZ jaialdiaren 17. edizioa. Euskal Herrian egiten diren musika jaialdietan aitzindaria den festibalak, egitarau ederra prestatu du igandera bitartean. Guztira 60 musika talde ariko dira Heletan zuzenean, koktelera koloretsu eta izugarri anitza eskainiz.

p043_f02_199x128.jpg

Koldo OTAMENDI | HELETA

Goizeko lehen orduetatik gerturatu ziren musikazaleak Heletara atzokoan. Kanpalekuan dozenaka koloretako kanpin dendak ikus zitezkeen eguerdirako, eta herrian ere musika gosea nabaria zen. Zeru erabat itxia, gris kolore ilunekoa, aurkitu zuten musikazaleek; euri tanta batzuk ere bota zituen arrats partean, baino hori besterik ez zen izan. Aurretik hiru egun, 60 musika talde, eta musikaz at hamaika ekitaldi eta ekimenez gozatzeko aukera ederra: antzerkiak, mahai inguruak, azoka, bazkari herrikoiak...

Arratsaldeko bostak aldera jaialdiaren lehen akordeak entzun ziren If Renaud Was a Punk taldearen eskutik, Antxartea gunean. Lapurdiko bandaren punk doinuekin esnatu zen jendea, hiru eguneko dezibelio dosia abiatuz. Bestelako giroan jarraitu zuen musika festak, Itsasoa aretoan MobyDick musikari bizkaitarrak eskaini zuen emanaldiarekin. Gitarra soilaren laguntzaz, giro intimistak jorratu zituen, xumeak bezain oldarkorrak. Gogorrak bezain leunak. Erabatekoak.

Agertoki handiko musika eskaintza Cobra taldeak zabaldu zuen. Euskal Herriko musika eszenako lau musikari soilduk osatutako taldeak, egurra latz banatu zuen oraindik iristen ari zen ikusleriaren aurrean. Oldarkor eta indartsu, kaleratu dituzten bi diskoei errepaso egin zieten, tartean, Madonna eta Kalakan musikariek nazioartera eraman duten «Sagarra jo» kantari ere keinu eginez. Hogei lagunen aurrean egon, edo jaialdi handi batean milaka lagunen aurrean, Cobrako kideak zuzenean dena ematen duten horietakoak dira, eta argi erakutsi zuten hori.

EHZ jaialdiaren musika aniztasunaren adibide argiena, Antxartea gunean topatu genuen. Rash Lujah talderen eskutik etorri zen: hip hopa, reggea, raga... Erritmo beltzak nagusi. Gojira taldeak tresnak muntatzen zituen bitartean, Islaia taldeak hartu zuen karpa. Hardcoretik harago doazen doinuekin egin zuten eraso, ikusleri motibatua aurrean zutela. Gojira taldeak zaletu mordoa eraman zituen Heletaraino. Frantses estatuko deth/trash metal taldearen sona handia da, nahiz eta, askorendako, ezezagunak izan. Lerrook idazterako orduan, Anai Arrebak taldea prestaketa lanetan zen Urbeltzetako karpan. Gauak luze joko zuen gero, Public Enemy mitikoen rap doinuetatik We Are Standard taldearen elektro-rock giroetara, tartean, Danakil, Islaia, Anai Arrebak, Matxura, Miyavi, Moï Moï... entzunez.

Gaur goizean, talde gazteen musika entzun ahalko da herriguneko agertoki ezberdinetan, eta, plazan, Elektrotxarangekin piztuko da eguna. Eguerdi partean Antxartea gunean rap giroak nagusituko dira, 2Zio hip hoperoen emanaldiarekin. Ostean, 18.15ean irekiko da musika gune nagusia Sleepers taldearen doinuekin. Ondoren, 17 Hippies, Youssoupha, Esne Beltza, The Bloody Beetroots DJ Set, Guaka, edo Lisabö ariko dira zuzenean, goizalderaino luzatuko den musika festan. Gaur gaueko kartelburu nagusia Sepultura talde brasildarra izanen da. Dagoeneko ia-ia 30 urteko ibilbidea osatu dute, eta, taldekideen joan-etorriak gorabehera, tinko eutsi diote taldearen filosofiari metal musikaren lurralde ilunean.

Biharko menua

Bihar, igandea, goiz-goizetik hasiko dira zuzeneko emanaldiak Heletan. Kale animazioak, fanfarreak eta Elektrotxarangak girotuko dute goiza, eguerdi partean Antxeartea gunean emanaldiak hasi bitartean. IPK kolektiboko musika taldeak zuzenean ikusteko aukera izanen da bertan, «Iparraldeko konpilazioa» disko bilduma aurkeztuz. Arratsaldeko kontzertuak The Abyssinians taldearekin zabalduko dira, Laket taldearen dantza giroekin jarraitzeko. Ondoren, Bebe, Su Ta Gar, Vendetta eta Hk & Les Saltimbanks... Musikalki anitza izanen da, beraz, igandeko eskaintza: Bebe musikariaren giro intimistetatik abiatu, Vendettaren ska-rock-patxanga musika festa edota Su Ta Gar taldearen heavy metala dira esandakoaren erakusgarri argiena.

Musika egun argiz gozatzeko aukera bikaina eskainiko du biharko egunak, fokuen argiak alde batera utzita musikariak izaki protagonista nagusi. EHZ festibalean ariko den azken taldea Raggasonic izanen da, agertoki handian eta jaialdia itxiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo