GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ESKALADA Lehia

Bi urre eta bi zilar euskal ordezkarientzat

Ekainaren 23 eta 24an, Gijonen, Espainiako Eskalada Txapelketa jokatu zen. Mikel Linazisorok eta Itziar Zabalak garaipen bana lortu zuten, eta Miriam Mulas eta Ilargi Perezek zilar bana eskuratu zuten.

p038_f01_250x124.jpg

Andoni ARABAOLAZA

FEDMEK antolatzen duen Espainiako Kopa bukatu bezain laster, Espainiako Txapelketa jokatu da. Joan den hilaren 23 eta 24an jokatu zen, Gijonen. Aurtengo hitzordu ezberdinetan bezala, azken honetan ere denetarik izan zen: lehiakide kopuru handia, ikuskizuna eta maila ederra.

Lehiakideei dagokienez, beste behin Euskal Mendizale Federazioko zein Nafarroako Federazioko ordezkariek hartu dute parte. Oro har, lasai asko esan daiteke lan bikaina egin dutela. Eta horren isla da gazteen mailan bina urre eta bina zilar eskuratu dituztela.

Ohi den legez, lehen lehia egunean seniorrak protagonista izan ziren. Guztira, 45 lehiakidek hartu zuten parte Gijoneko hitzorduan. Ez zen ezustekorik izan, Helena Aleman eta Ramon Julian nagusitu ziren; hots, Espainiako Kopako irabazleak. Nesketan, bigarrena Berta Martin izan zen eta Andrea Cartas, hirugarrena. Irati Anda izaera horretako hitzordu batera itzuli zen, eta, finalisten artean, bosgarren sailkatu zen. Oso gutxigatik bada ere, Zuriñe Arrue finaletik kanpo geratu zen. Itziar Zabalak ez zuen parte hartu.

Mutiletan, Ramonet lehena, Victor Esteller bigarrena eta Gerard Rull hirugarrena. Antton Zabalak ez zuen aukerarik izan finalera pasatzeko.

Gazteak, bikain

Biharamunean, gazteen txanda izan zen. Aurreko deialdietan bezala, makina bat gaztek bat egin zuten Espainiako Txapelketaren deialdiarekin. 68 eskalatzailek lehia ederrak eskaini zituzten. 16 urtez azpikoetan, Andrea de Goñik laugarren postua eskuratu zuen eta Jone Ugartemendiak zortzigarrena. Mutiletan, Mikel Linazisorok berriro ere erakutsi du maila horretako indartsuena dela, eta aise irabazi zuen. Horrela bada, FEDMEk antolatutako lehia guztiak irabazi ditu: Kopa zein Txapelketa. Gorka Ruizek, berriz, finalisten artean zortzigarren postua sinatu zuen.

18 urtez azpikoetan, bestalde, Miriam Mulasek oso berri ona eman zuen. Kopan hirugarren eta laugarren postuak sinatu ondoren, Espainiako Txapelketan beste urrats bat egin zuen eta meritu handiko zilarra poltsikoratu zuen. Naiara Garmendia zazpigarrena izan zen. Mutiletan, Mikel Inoriza finaletik kanpo geratu zen.

Eta, azkenik, 20 urtez azpikoen mailan, Itziar Zabalak Kopan izandako hainbat arantza kentzeko aukera izan zuen. Izan ere, urrea bereganatu zuen. Ilargi Perez Zabalaren atzetik geratu zen, bigarren postua eskuratuz. Mutiletan, Ibai Isusi izan zen euskal ordezkari bakarra. Finaleko saioan parte hartu ondoren, bosgarren postua sinatu zuen.

Irakurtzen den legez, gazteak sasoiko daude.

nagusiak

Helena Aleman eta Ramon Julian izan ziren indartsuenak. Irati Anda bosgarren sailkatu zen

Gazteak

Euskal ordezkariek lan bikaina egin zuten. Mikel Linazisoro, Miriam Mulas, Itziar Zabala eta Ilargi Perezek bi urre eta bi zilar eskuratu zituzten

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo