GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ESKALADA Jarduera

Pamela Shanti Packek offwidth estiloan beste urrats bat egin du

Ebakuntza-gelatik pare bat aldiz pasa ondoren, eskalatzaile estatubatuarra «Forewer war» proiektura itzuli da, eta azkenean 5.13c/d zailtasuna duen bide hori kateatu du. Hori egiten lehen emakumea izan da.

p039_f01_148x192.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Ingurumari honetan offwidth estiloak ez dauka jarraitzailerik. Ia ez dago espezialistarik. Eskalatzaileen komunitatean askotan entzun da artesi zabal horiek eskalatzeak «beldurra» ematen duela. Esan dugun bezala, ingurumari honetan ez dago ohiturarik; offwidth-etan ez da eskalatzen. Estilo horretako berri nagusiak entzun ahal izateko, batez ere Amerikako Estatu Batuetara jo behar da.

Beste estilo batzuetan bezala, artesi zabal eta «klaustrofobiko» horietan izaten diren kateatzeak gero eta adierazgarriagoak dira. Hots, zailtasunean ere gora egiten ari dira. Iaz, adibidez, Tom Randall eta Pete Whittaker britainiarrek lortutakoaren berri eman genizuen. «Century crack» bidea sinatu zuten, eta harentzat orain arteko gradu gorena proposatu zuten: 5.14b (8c).

Emakumezkoetan, berriz, inolako zalantzarik gabe, protagonista nagusi bat dugu: Pamela Shanti Pack. Eskalatzaile estatubatuarrak argi asko erakutsi du estilo horrek exijitzen dituen mugimenduak ondo baino hobeto menderatzen dituela. Duela urtebete, orriotan aipatu genuen «Gabriele» bidea (5.13c, 8a+) poltsikoratu zuela. Hori egiten lehen emakumea izan zen.

Bada, duela aste gutxi batzuk Shanti Packek bere ibilbidean beste urrats bat egin du. Wyomingeko Vedauwoo eskalada eremuan «Forewer war» sinatu du. Marra horrentzat 5.13c/d (8a+/b) zailtasuna proposatu dute, eta R hizkia ere gehitu diote; hots, arriskua adierazten duena.

Lehen emakumea

Estatubatuarrak aipatu dugun bide horretan izan duen bilakaera oso bitxia da. Reynold´s Hill izeneko sektoreko sabai bat erronkatzat hartu zuen, «Forewer war» izena hartuko zuena.

Marra lantzen hasi zen, baina kasu honetan erabaki ezberdin batzuk hartu zituen: «Sabaia duten offwidth-ak, eskuarki, behetik lantzen ditut. Baina hau oso arriskutsua iruditu zitzaidan, besteak beste, hainbat unetan buruz behera nengoelako eta erorikoa oso larria izan zitekeelako. Horretan nengoela, top-rop-ean eskalatu nuen».

Halere, jakina denez, benetako kateatzea izateko behetik gora eskalatu behar zuen. Horretan zegoela erorikoa izan eta eritetxera eraman zuten. Ebakuntza-gelatik pare bat aldiz pasa behar izan zuen, baina, harrigarria bada ere, bigarren ebakuntzatik lau egunera bere proiektuan zen berriro.

Erietxea berriro saihestu ahal izateko, eskalatzaileak pare bat parabolt jarri zituen: «Nahiz eta seguru horiek jarri nituen, aitortu behar dut parabolt horiek bideari ez diotela izaerarik kentzen. Bai, arriskutsua izaten jarraitzen du. Azkenean, 25 metro dituen «Forever war» marra burutu nuen. 2008. urtetik erronka gogorren atzetik nabil, eta azken hau zailena izan da. Aitortu behar dut estilo horrek harrapatuta naukala. Izaera horretako bide horiek nire muga fisikoei zein psikologikoei aurre egiteko aukera ederra ematen didate. Denetarik pasa dut hauek eskalatzen, baina, alabaina, gozatzen dut».

«forever war»

Pamela Shanti Pack-ek beste urrats bat egin du bere ibilbidean, eta 5.13c/d R zailtasuna duen bidea kateatu du

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo