GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Izorratuta

Mola, ¿eh, tronko?». «Mola mazo, madero». Horrelako solasak irudikatu nituen lehengo egunean, Aritz Intxustaren erreportaje bat, Norteko Armadako buruaren eta gainerako faxisten omenez Iruñean hilero egiten duten mezari buruzkoa, irakurritakoan.

Zaharrak berri, faxismoa eta Eliza katolikoa elkar hartuta beren betiereko gara-Mola santuan tematuta.

Ez da kasualitatea horrelako erritu integristak UPNren feudoan gertatzea. Horregatik harritu nintzen hango presidente andreak parlamentuen gainean esan zituenak irakurtzen hasi nintzenean, demokrazia zuzena aldarrikatu zuelakoan. Nire harridurak ez zuen luze iraun, ordea. Barcinaren ustez, parlamentua alferrikako asmakizuna da... gobernuaren buruan bera edo bere antzera pentsatzen duenen bat dagoenean behintzat; politika, jarduera noble hori, kaltetzen du-eta. Eta, hara kasualitatea, parlamentuak, Nafarroako Parlamentuak behinik behin, Barcinaren Gobernuak zuen gehiengoa galdu duen unean galdu du noblezia. Orain parlamentua egitura zaharkitua da. Hala dio gobernatzeko era XIX. mendetik baino Erdi Arotik hurbilago duen alderdiaren buruak. Baina hura ez da Euskal Herrian politikaren nobletasuna horretara ulertzen duen bakarra. Joan den astean, Basagoitik, bere ohiko graziarekin, EAE ko bizilagunen %51 ordezkatzen dituela bota zuen. Eta ehuneko hori askoz handiagoa litzateke exiliatuak zenbatuta, Gorka Maneiro UPyDko baina Basagoitiren kontabilitate eskolakoak egunotan gogorarazi duenez.

«Estropeata dago», esan zion lehengo urtean Lekeitioko taberna bateko neskak bezero bati, hark telebista pizteko eskatu zionean. «Estropeata...? Hondatuta, matxuratuta...», hasi zitzaion bezeroa. «Bueno, hamen fastidixata be esaten dogu», moztu zion neskak, batere arduratu barik, lagunekin egunero erdara hutsean jarduten zuen euskaltzain ustekoari. Baten batek ez badaki ere, lekeitiarrak, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik -galarrena mota guztiak gorabehera-, Bizkaian ez ezik, Euskal Herria osoan ere euskarari eta, beraz, euskalduntasunari sendoen eutsi diotenetakoak dira, eta... haria galdu dut, baina berdin dio; azken batean, fastidixata gaudela baino ez nuen esan nahi. Baina ez dogu estropea arte itxaron bihar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo