GARA > Idatzia > Kultura

Udate | baionako bestak

Baiona Gaueko laudorioa...

 

Jean-Jo Ferrand | Baionako bestetan aditua, aritua eta «kutzuzalea» berriketan

Gure topiko handienetako bat da, eta azken urteotan zabaldu dut nihauk ere: eguna bertakoa, garbia, familiarra da (txistulariak, jantzi zuri distiratsua, haurren eguna, ziganteak, bazkari animatuak..), gaua, berriz, kanpotarra, zikina, bortitza (frantses horteradak megafonian, mozkorraldi erraldoia, pixa edonon, bokata txarrak...). Ez da gezur hutsa, eta ikuspegi hau da, adibidez, hegoaldeko lagunei askotan aurkezten dieguna.

Baina hainbeste urtean egunaren apologia egin ondoren, dudatan nabil. Oker ote gabiltza? Zuri-gorri koloreak inposatzea, besta garbiegia izatea, gure Iparraldeko irudi idiliko hau faltsukeria hutsa izan ote daiteke? Gure agintariek tradizioaren apologia egiten dute: besta garbia dela, hemen bestaren seina dugula, Baionako burgesiak euskal itxura hartzen du urtean behin, eta gu denok txaloka gabiltza, bestetan ez direlako gatazkak sortu behar.... Eguna aspergarria izan daiteke!

Gauaren deia pizten zaigu, azken finean, eta ohartu gabe, Patxokin bukatzen dugu iluntzean, edo peñetan ere bai, Barrikada talde mitikoaren kantuak entzuten eta abesten. Gaua zikin eta salbaian, mozkorturik dantzatzen dugu rock doinuekin, kantuen hitzak edo leloak oihukatuz. Garagardo katxi epelak edanez, elkarrizketa nahasiak bultzatuz, jende ezezagunekin istiluak piztuz eta, gaua behar bezala bukatzeko, ordu goiztiarretan, anaitasun sermoiak botaz. Maite ditugu Baionako gauak. Baionako gaua gurea ere bai baita. Zorionez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo