GARA > Idatzia > Mundua

Armen salerosketarako hitzarmena lortzeko negoziaketek porrot egin dute

Nazio Batuen Erakundeak armen salerosketaren inguruko hitzarmena lortzeko eginiko batzarrak porrot egin du, ez duelako herrialdeen arteko akordiorik lortu. AEBek eta Errusiak erabakia hartzeko denbora gehiago eskatu dute, gehiengoaren adostasuna egon arren.

GARA | NEW YORK

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) armen salerosketaren inguruko hitzarmena lortzeko New Yorken burututako batzarrak porrot egin du. Asteetan zehar negoziaketetan aritu ostean, ez dute armen salerosketaren inguruko lehen hitzarmena adosteko akordiorik lortu.

NBE osatzen duten 193 estatuek ostiraleko gauerdia iritsi aurretik lortu behar zuten joko arauen inguruko adostasuna. Arau horiek helburu jakin bat zuten: herrialde bakoitza saltzen dituen armak «eskubide zibilen urraketarako» erabil daitezkeen, erasoak egiteko erabil daitezkeen edo «antolatutako krimenera» desbideratuak izan daitezkeen baloratzera behartzea.

New Yorkeko batzarrean parte hartu duten hainbat parte hartzaileren arabera, Ameriketako Estatu Batuek eta Errusiak hitzarmenaren inguruko erabakia hartu ahal izateko denbora gehiago eskatu dute. Txina, India, Indonesia eta Egiptok ere eskari horrekin bat egin dute.

«Aurkeztutako idazkia hitzarmenerako proiektu bat zen. Hainbati proposamena gustatu ez bazaie ere, herrialde gehien-gehienak ados ziren», nabarmendu du Roberto Garcia Moritan batzarreko lehendakari argentinarrak, tristuraz.

Aurrera begirako bidearen inguruan galdegitean, Moritanek aukeretako bat NBEko Batzar Nagusiak etorkizunean negoziaketa gehiago egon behar diren eta egotekotan noiz izan behar diren erabakitzea dela adierazi du. NBEko Batzar Nagusia iraila amaieran bilduko da berriz ere, New Yorken. Diplomatiko batek jakinarazitakoaren arabera, Moritanek Batzar Nagusiari helarazi behar dion txostenean armen salerosketarako hitzarmenaren inguruko negoziaketak 2013an berrartzeko proposamena dago.

Moritanek nabarmendu duenez, «berandu baino lehen» lortuko dute hitzarmena, data zehatzik adierazteko ausardiarik izan ez duen arren. Ziurrenik «idazkia hobetu» beharko dela ere azaldu du.

Ausardia falta

Estatu frantseseko negoziatzaile nagusia izan den Jean Hugues Simon Michel enbaxadoreak nabarmendu duenez, negoziaketen emaitza izan zitekeen «txarrena» da, «perspektiba galera» dakarrelako. Porrotak hurrengo negoziaketak «berriz ere zerotik hasi behar izateko arriskua» dakar bere ustez. «Balantzea etsigarria da. Pilota orain Batzar Nagusiaren teilatuan dago», esan du.

Europar Batasuneko, Latinoamerikako, Karibeko eta Afrikako 90 herrialdek «desengainatuta» sentitzen direla adierazten duen dokumentu bat sinatu dute. Hori bai, hitzarmena lortzeko lanean jarraituko dutela gaineratu dute.

AEB

New Yorkeko batzarrean parte hartu duten hainbat diplomatikok negoziaketen porrotaren errua AEBena dela adierazi dute, Washingtonek presidentetzarako hauteskundeak igaro arte erabakirik hartu nahi ez duelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo