GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñigo Santxo Uriarte eta Martxel Toledo Garmendia Esait-eko kideak

Eraztun olinpikoen babespean

Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko jarduera lideratu behar duten politikariak eta federazioburuak behar ditugu, eta horretarako, esparru sozialetik segitu behar da ekiten

Londresko Olinpiar Jokoak amaitu diren honetan, euskaldunok berriro ere izan dugu aukera zapore gazi-gozoa dastatzeko. Aurreko Jokoetatik gauza asko errepikatu badira ere, balorazio orokor bat egiterakoan, hiru atal nabarmendu litezke.

Lehenengoa litzateke, beste behin ere, beste Joko Olinpiko batzuk igaro direla, geure ikurrak agertu gabe eta geure ereserkirik entzun gabe, eta geure Herriko kirolariak lehiatzen, berriro ikusi ditugula kolore arrotzez jantzita, inolako aukerarik izan gabe geure Herriko Federazioak, azken finean, geure Herria ordezkatu ahal izateko. Lehian ikusi ditugu eta aitortu behar dugu asko poztu garela euren emaitza onak eta dominak ikusi ditugunean, maila profesionalean ekarriko dien onurarengatik, baina, hasieran esan bezala irudi horiek zapore gazi-gozoa utzi digute; jakin badakigulako Londresen egon diren euskal kirolarietatik, aukera berdinak izanda, zenbaitek nahiago zuela lehiatu geure ikurrinaren pean.

Bigarren atalean aipatzekoak dira Espainiako hockey selekzioarekin parte hartu zuen Alex Fabregas kirolari katalanaren hitzak, oso modu zuzenean erakusten baitute hainbat kirolari euskaldunekin konpartitzen duen sentsazioa: «Espainiarekin jokatzen dut, horrela tokatzen zaidalako, ez dut beste aukerarik. Nire sentimendua katalana da, ez dut gauza bera sentitzen Espainiako ereserkia edo `Els Segadors' entzuten. Niregatik gozatzen dut, nire kideengatik, ikustera etortzen den jendearengatik. Inongo momentutan ez dut pentsatzen Espainiarengatik jokatzen dudanik». Esan beharrik ez dago, bere hitzek ikaragarrizko ofentsiba bortitza eragin zutela, eta jasotako mehatxuak epaitegiaren aurrean salatuak izan badira ere, bere Twitter kontua itxi behar izan zuela, mehatxu gehiago ez jasotzeko.

Hirugarren aipamena litzateke kirolarien desfilearen ingurukoa; Joko Olinpikoen inaugurazio ekitaldian egin zuten desfilea, hain zuzen ere. Bertatik igaro ziren hamaika herrialde eta naziotako kirolariak, herrialde eta nazio horietako banderen atzetik. Nazio guztien ikurren ostean, azkenean hiru kirolari ikusi genituen, Joko Olinpikoen banderarekin desfilatzen. Hirurak Holandako Antillak izan zen herrialdekoak ziren; eta desfilean fisikoki parte hartu ez bazuen ere, Joko Olinpikoen banderapean lehiatu den laugarren kirolaria, Guor Marial izan zen, Sudanen jaiotako kirolaria, egun AEBetan errefuxiatu gisan bizi izan arren, naziotasun formalik ez daukana.

Ez da lehenengo aldia izan zenbait kirolari Joko Olinpikoetako banderapean lehiatu direna. Gauza bera gertatu zen Bartzelona edota Sidneykoetan, eta saiatuz gero, pentsatzekoa da balitekeela Euskal Herriko kirol federazioak, nazioarteko kirol federazioetan integratuta ez dauden bitartean, geure kirolarientzako behin-behineko aukera izatea. Gutxienez aztertu eta esploratzeko bidea.

Geurera etorriz, euskal selekzio ofizialak lortzeko, herritarren aldetik orokorrean, ikaragarrizko premia sumatzen bada ere -eta horrela berresten dute beren-beregi egindako inkestek- argi esan behar dugu euskal kirolarien aldetik aldarrikapen hori hil ala biziko premia gisan agertzen dela; izan ere, kirol-bizia benetan laburra izanik, nazioartean aritzeko aukerak denbora epe oso motzean amaitzen zaizkie kirolari guztiei.

Hego Euskal Herrian, bai Nafarroako Foru Erkidegoan baita Euskadiko Autonomia Erkidegoan ere, bertako instituzioek kirolaren gainean arautzeko erabateko eskuduntza duten arren, oso urriak izan dira saiakerak, Espainiako instituzioetatik esparru horretan jarritako mugak gainditzeko. Eskuduntza horiek indarrean egon arren orain dela hogeita hamalau urtetik, bai, hogeita hamalau urtetik, legegintzan dauden gaitasun guztiak oraindik ez dira esploratu. Zentzu horretan egon den saiakera serio bakartzat jo liteke Gasteizko Parlamentuak onartutako 14/1998 Legea, Euskadiko Kirolarena, moralki erdi zapuztua geratu zena, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean haren kontra jarritako errekurtsoaren bitartez, Auzitegi horri epai interpretatibo bat egiteko aukera eman baitzion, indarrean zeuden muga konpetentzialak birkokatzeko.

Lege-marko gisan dauden aukera guztiak esploratu eta baliatu ez izateaz gain, legez sortutako tresnak kasu batzuetan murriztu eta desitxuratu egin dira ekimen soziala neutralizatzeko helburu argiarekin (Euskadiko Kirol Federazioen Batasuna kasu) eta beste batzuetan ez dira batere erabili, hitzartutako instituzio batek izan lezakeen potentzialitate guztia ezerezean utziz -Lakuako gobernuek bere sorreratik (2004) sasiklandestinoa bihurtu duten Euskadiko Sustapen Olinpikorako Batzordea kasu-.

Gauzak horrela, kontrastea handiagotu eta ia amildegi bihurtzen da: batetik, baditugu geure kirolariak, gero eta gehiago saiatzen direnak euren profesionaltasun pertsonala nazioarteko eszenarioetara eramaten, eta bai lortu ere, arrakasta handiz gainera; eta bestetik, Lakuako Gobernuan eta zenbait kirol federaziotan egon diren arduradunak, euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko esparru honetan oso emaitza eskasak lortu dituztenak, baina kezkagarriagoa dena, jarrera, ardura eta saiakera eskasagoak erakutsi dituztenak.

Geure Herrian zabaltzen ari garen aro politiko berri honetan, kontraste hori desagerrarazi behar dugu. Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko jarduera lideratu behar duten politikariak eta federazioburuak behar ditugu, eta horretarako, esparru sozialetik segitu behar da ekiten, Selekzioa, geure Herriaren eskubide kolektiboa izateaz gain, Alex Fabregasek esan zuen bezala, «geure sentimendua euskalduna delako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo