GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

harri-jasotzea | Marka saiakerak

Iritsi da kirolariak antzokietara ohitzeko eguna

Aimar Irigoienek, Urdax Magunazelaiak eta Idoia Etxeberriak errekor berriak ezarri nahi dituzte gaur, 12.30ean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

Jon LEUNDA

«Harria 100» ekitaldi nagusia ospatuko da gaur Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 12.30ean hasita. Kirolariek orain arte plazetan egin dutena antzokira eramango dute, eta oso kirol ekitaldi polita izango da, hiru marka saiakera egingo baitira jaialdi berean.

Agian garrantzitsuena Idoia Etxeberriak egingo duena izango da. Oriotarrak 150 kiloko harri errektangularra jaso nahi du bizkarraren gainera, eta horretarako bost minutuko txanda bat izango du. Lehen ere berak dauka errekorra, eta gaurko helburua betetzen baldin badu, beste urrats handi bat egingo du bere kirol bizitzan.

Bestea, Urdax Magunazelaiarena izango da. Bizkaitarrak 15 urte besterik ez ditu, eta denak txundituta uzten ari den harri-jasotzailea da. Gaur 200 kiloko errektangularra jaso nahi du, eta honek ere bost minutuko saio bat izango du. Lortzen baldin badu, apurtzea erraza ez den marka utziko du.

Azkenik, Aimar Irigoien, egungo harri-jasotzaile nagusia ere arituko da. Errezildarrak 125 kiloko zilindro zaharra erabiliko du bost minutuan. Harri honekin lehen ere berak dauka marka egina, 43 jasoaldirekin, eta gaurkoan hori ontzea izango du helburu nagusia. Hau guztia, musikaz, kantaz eta dantzaz lagunduta joango da.

Ez da izango, ordea, eguneko ekitaldi bakarra, aurretik, 11.00etan, San Telmo museoan aurkeztuko baitute harri-jasotzaileei buruzko liburua. Dena amaitutakoan, 14.30ean, bazkaria egingo da Manteo kiroldegian, eta liburuan agertzen diren harri-jasotzaileei omenaldia egingo diete bazkaldu eta gero.

Arrigorriaga

Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Urrutia, Eizmendi, Urpe, Lopetegi, Otaegi, Calvo eta Ugartemendia arituko dira bihar, 12.30ean, Arrigorriagako torneoan.

Handia

Idoia Etxeberriak gaur helburu handiak ditu. 150 kiloko harri errektangularra jaso nahi du, inoiz emakume batek ofizialki egin ez duena egin nahi du.

aurkezpena

11.00etan, San Telmo museoan aurkeztuko dute harri-jasotzearen azken 100 urteotako ibilbidea jasotzen duen liburua. Bera egiten aritu direnak han izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo