GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Beldurraren beldur beldurgarria

Bizitza ez da erraza. Orain gutxi hala esan zidan pertsona batek bere gorabeherak azaltzen aritu ostean. Hori onartu eta besterik gabe etsipen horretan aurrera egitea nahiko tristea zela pentsatu nuen nik, baina, aldi berean, nahikoa egin zuela eta elkarrizketa hari amaiera emateko modu elegantea iruditu zitzaidan. Horregatik baieztapen haren inguruko pentsakizunak niretzat gorde eta baiezkoa eman nion keinu batez.

Errazagoa edo zailagoa, zailak errazten aritu beste biderik ez zaigu geratzen, gehienetan; gainerakoan, akabo. Zailak diruditen erronkak samurtu eta haiek gainditzen dituzula ikusteak norberarengan sortzen duen sentsazioa baino betegarriagorik ez dagoela iruditzen zait gainera. «Ez nuen uste egingo nuenik, baina gai izan naiz» pentsatzean barruan sortzen den zurrunbiloa, «banekien egingo nuela» uste izatea baino asegarriagoa iruditu izan zait beti; bidearen garratzak gozatzen du nolabait helmugaren gozotasuna.

Ez dira garai errazak oraingoak, baina finean inoiz ere ez da errazik izan guretzat. Krisiak gogor jo gaitu, baina, hura iritsi aurretik ere krisia zer zen oso ondo genekien. Prekarietatea zer den entzun eta entzun ari gara orain, eta horrek bizi genuen egoerari izena jartzen lagundu digu, behinik behin. Indarrez egiten diren lapurretak ohi baino oihartzun handiagoa hartzen ari dira hedabideetan eta haiek mingarri zaizkigu, haien biktimekin gertuago sentitzen garelako, indarrez lapurtzea zer den badakigulako, indarrez lapurtu gaituztelako behin baino gehiagotan edota lapurtuak izateko beldurra sumatu dugulako behinik behin. Igandean emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna ospatuko da munduan barrena. Kalera irtengo gara eta ondokoen berotasunean ausartago sentituko gara, babestuago, indartsuago. Astelehena iritsiko da, ordea, nahi baino lehenago, astelehen buruzuria, asteartea ondoren, asteazkena... Zailak errazten jarraituko dugu datorren astean, erronkak samurtzen eta gainditzen. Beldurra sentituko dugu ia seguru, baina haren aurrean ez kikiltzen saiatuko gara, ondo ikasia dugulako beldurgarriena beldurra izatearen beldurra dela; lotzaileena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo