GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia | Bertsolaria

Berri zaharrak

 

Zeruan bezala lurrean ere. NASAk aurtengo Durangoko azokako egutegirik salduena argitara lezake. Orain gutxiko eguzki eklipsedun martitzen eta hamahiruko ilberri ilunetik, udaberriko ekinozioaren aurreko ilargi beteko eguzki ekaitzen eztanda ikusgarrietara. Egunkariek, bitartean, Gazara jaurtitako misilen suzko argia erakusten digute.

Irudi berberak, leku ezberdinetan eta une berean.

Distantziak neurtzeko era ezberdin asko dago, eta euretariko bat denbora da. Gure zibilizazio materialistak era linealean ulertzen du segundoen joan-etorria. Etorkizuna iraganaren aurka, elkarren etsai. Etorkizuna aurrera egitea da, iragana atzean utzita. Afrika eta Ekialde Hurbileko kolonialismo europarraren ondorio diren herrialdeen arteko marra zuzenen modukoa egin gura dute historia. Ahaztu dute gure jatorria naturaren zikloetan dagoela. Bestela, urtaroen joan-etorriak euskararen gramatikan iltzatuta dauden gogoetetara hurbildu beharko lituzke.

Joseba Sarrionandiak gizakia karramarro modura definitu zuen behin. Begiak atzera begira ditugu, soilik iragana ikus genezake. Gure bizkarraren atzean dago etorkizuna, ez dugu zer datorren ikusten, baina bereganantz ibiltzera kondenatuta gaude. Agian horregatik deitzen die euskarak «gure aurrekoak» gu baino lehenago jaio zirenei. Baliteke horregatik ez ulertzea euskarak etorkizunaren existentzia, orainaldiko desio modura ez bada. Portu Zaharreko amamek irakatsi zidaten «joango naiz»-ek ez daukala gaztelerazko iré formarekin zerikusirik. «Soy de ir» esaten dute eurek beti, «joango»-ren ostean «naiz», orainaldia, oraindik existitu ez eta zelan etorriko den ez dakigunaren begirunez.

Hartzen dudan egunkaria hartzen dudala, zabaltzen dudan blog-a edozein dela ere, pizten dudan telebista katea edozein delarik, ziklo baten amaieraren mezuarekin egiten dut topo. Lehengoan, goi mailako teknologia enpresa bateko gerentea den unibertsitateko irakasleak bizi ditugun sasoiak feudalismoaren amaierarekin lotu zituen. Hau da, azken mendeetako transformazio sozial handienarekin alderatu zituen. Guztia birpentsatu beharraz berba egiten dute futbolak eta «Gandia Shore»-k liluratu ez dituztenak. Sistema agortu honek gure pentsamendua kirol eta sexura bideratzea proposatzen digu; ardi edo untxi, zeuk aukeratu zure bandoa.

Niri barregura urduria sortzen dit egoerak. NASAko amantal zuridunak eguzkian gertatzen dabiltzan gauza bitxien argazkiak argitaratzen ikusten ditut; maiek euren kodeetan marraztu zituzten gauzei irudi kalitate handiagoa ematen. Munduko agintariak, inoizko egonkortasun gutxien duen Ekialde Hurbilarekin kezkaturik. Israelek Irani eraso aurretik hasi dira palestinarrak hamarkadetako genozidioari misil irandarrekin erantzuten. Jerusalemerako erromes bidearen zaintzaileen liburuak munduko potentzia garrantzitsuenen arteko borroka latz bati buruz hitz egiten du; Palestinako lurretan, denbora honen amaieran.

Badakit gauza horiei buruz idaztea ez dela serioa. Horregatik, ordenagailua itzali eta etxe ondoko hondartzara jaitsiko naiz. Domekako bertso txapelketa prestatzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo