GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñaki Uria «Euskaldunon Egunkaria»-ko kontseilari ordezkaria

Partida ez da amaitu 22an

Egunkariaren aurreko giroa, asmoak, borrokak, ezinak eta eginak ekarri beharko genituzke gogora euskarazko komunikabide klasikook, prentsa-irrati-telebista, nahiz modernook, agerkari digitalak, bizi dugun zahartze-minaz eta sortze-minaz ohartzeko

Pilota partidak 22an amaitzen diren arren, denboraren joana ezin da eten. «Euskaldunon Egunkaria» sortu genuela 22 beteko dira gaur eta sorrera data ainguratuta geratuko bada ere euskaldunon historian, denborak aurrera jarraitzen du errekako urak bezala, bizi-bizi batzuetan, lasai asko garai luzeetan.

Duela 22 urteko gazte haiek, Egunkaria Sortzen-en bildutako gazte haiek, etena ekarri genuen ordura arteko Euskal Herriko komunikazioaren eremura.

Zerbait berria sortu genuen. Erdarazkoek gure herrian baino ia 100 urte beranduago. Baina berria euskaldunon komunikazioan. Euskaldunok gure Nazioa kontatzen hasi ginen berripaper batean. Lizardik, Aitzolek eta beste euskaltzale askok behin eta berriz amestu zuten izparringi batean.

Ez zen erraza gertatu. Jakina. Hamar urte baino gehiago pasa genituen aurretik euskaldunok egunkaria nahi-behar genuela aldarrikatzen. Hamar urte baino gehiago kazetaritzan, euskaraz idazten, elkarlanean, herrigintzan eta enpresa eginkizunetan prestatzen, tamainako urratsa egin aurretik. Behin baino gehiagotan kontatu izan dugu eta ez da gaurko nire asmoa berriz errepikatzea.

Utzidazue, ordea, orduko argazki urratu hartatik Joxemi Zumalabe gogora ekartzen, urtarrilaren 12an beteko baitira 20 urte hil zela eta bera delako argazki horretako askoren artean, nabarmentzea gehien merezi duena, nabarmentzeko batere asmorik gabe aritu zen arren bere jardun osoan. Bere oroimena hemendik hilabetera burutu ahal izango dugu jardunaldi batzuetan.

Egunkariaren aurreko giroa, asmoak, borrokak, ezinak eta eginak ekarri beharko genituzke gogora euskarazko komunikabide klasikook, prentsa-irrati-telebista, nahiz modernook, agerkari digitalak, bizi dugun zahartze-minaz eta sortze-minaz ohartzeko.

Krisi ekonomikoaz gain, komunikabideen krisia dago mahai gainean eta, berriz ere, 80ko hamarkadan bezalatsu, gero eta mahai-inguru gehiago ari da antolatzen gaiaz han eta hemen.

Paperezko egunkariak krisian daude, gero eta gutxiago saltzen direlako, ez albisteak eta iritziak gero eta gutxiago irakurtzen direlako.

Telebistak ere krisian daude, nahiz eta gero eta denbora luzeagoz eta pantaila gehiagotan ikusten diren.

Irratiak ere ez dira gutxiago entzuten. Eusten diote goiari.

Komunikabide klasikoen finantzaketa da krisian sartu dena Internet eta agerkari digitalen etorrerarekin.

Ekonomia krisiak larriagotu egin du egoera.

Nork esango, duela 22 urte! Orain, kontua da urte asko eta esfortzu ikaragarrien ondoren sortutakoak arrisku larrian daudela eta alternatibak ez direla nabarmen ageri. Internet-en eta agerkari digitaletan inbertitzen denak ez dakar itzulera ekono- mikorik... baina egungo komunikazio esparrua interneten jokatzen da. Diru-etekinik eta «negozio eredu» eusgarririk ez dago begi-bistan eta, hala ere, itsasoratu behar.

Errentagarritasun soziala, linguistikoa, kulturala eta politikoa. Horiek gidatu zuten «Euskaldunon Egunkaria»-ren sorrera. Ez dirua irabazteko asmoak. Ez eta kitto egitekoak ere. Bagenekien dirua galdu egingo genuela (osasuna eta askatasuna ere bai geroago) eta aurrera egin genuen gaztetasunaren ausardiarekin. Galtzearen beldurrez ez baita bestela sekula irabazteko urratsik egiten.

Kazetaritzan, ingeniaritzan, informatikan, sare sozialetan eta komunikazioan duela 22 urte baino askoz ere trebeagoak gara egun. Askoz ere euskaldun gehiago gara. Gainera, irakurle, ikusle, entzule huts izatetik, bideogile, argazkigile, txiolari eta iritzigile digital bihurtu gara euskaraz.

Poztekoa da lortutakoa eta merezi du baloratzeak gaur bezalako egun batean. Zorionak merezi ditugu euskaldunok Egunkariaren Konstituzio egunean. Poztu gaitezen bada, ospa dezagun urteurrena eta biharamunean gogoratu, egiteko geratzen dena egindakoa baino handiagoa dela.

Partida ez baita 22an amaitzen. Eta euskaldunok esateko asko daukagu, oraindik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo