GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako portuan jarri nahi duten metanizazio planta kaltegarria dela dio CADEk

Imtech enpresak Baionako portuan finkatzeko asmoa duela prentsaren bidez zabaldu ondoren, lekuko ingurumen elkarteek egitasmoa salatu zuten atzo. Txerri mindarekin metanoa egingo du enpresa horrek, eta osasunerako eta ingurumenerako kaltegarria dela argitu zuten.

Ainize BUTRON| BAIONA

Ingurumenean eta lekuko herritarren osasunean eragin lezakeen kaltearengatik, Imtech enpresak Baionako portuan jarri nahi duen metanizazio planta salatu zuten atzo CADE kolektiboko elkarteek.

Proiektua gauzatu gabe dago, baina datorren abenduaren 19rako Herbehereetara bisita bidaia bat antolatu dute lekuko hautetsientzat. CADEk, ingurumenaren babesean ari diren elkarteen kolektiboak, bere iritzia plazaratu nahi izan du egitasmoa sobera aurreratua izan aurretik. Hamabost bat lanpostu sortuko lituzkeen zentral horrek txerri minda (animalien gorotz eta txizez osaturiko hondakin likidoa) tratatzeko 11 metroko hamalau digestore izango ditu, eta urtero, 25 milioi metro kubiko metano ekoiztu beharko lituzke.

Urtero, Herbehereetatik, 650.000 tona txerri minda garraiatuko lukete itsasontziz. «Montpellieren dagoen mota bereko enpresarekin Estatu frantseseko handiena izango da Baionakoa», argitu zuten CADEko ordezkariek. Abeltzaintza intentsiboko txerri haztegi handietako hondakina izanik, gizaki zein ingurumenerako minda «benetako pozoia» dela nabarmendu zuten kolektiboko kideek: «Minda hori 300 edo 400 gaiz osaturiko nahaste toxiko bat da. Bakteria asko daude bertan eta horietariko batzuk antibiotikoei erresistenteak dira eta gizakiarengana hel daitezke». Osasunerako arazoekin batera, mindaren kiratsa, eta instalazioa zartatzeko edo erretzeko arriskua nabarmendu zituzten. 

Arroxelan baztertua

CADE kolektiboko kideek gogoratu zutenez Arroxelan baztertu egin zuten proiektua, eta Baionan ere erabaki bera hartuko dela espero dute: «Atlantiko itsasbazterrean inork ez du proiektu hori nahi. Espero dugu Baionan ere hori erabakitzea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo