GARA > Idatzia > Mundua

Kolonbiako Gobernuak eta FARCek astelehenean berrasiko dute elkarrizketa

Kolonbiako Gobernuak eta FARCek astelehenean berrekingo diote elkarrizketari gabonetako geldiadiaren ostean. Lurraren arazoren inguruan 1.314 herritarrek egindako ekarpenak jaso berri dituzte negoziatzaileek.

p021_f02_148x092.jpg

GARA | LA HABANA

Datorren astelehenean hasiko dituzte berriro elkarrizketak Kolonbiako Gobernuak eta FARCek. Hala adierazi zion GARAri Gobernuren ordezkaritzaren komunikazio arduradunak.

Pasa den asteazkenean, Nazio Batuetako eta Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko ordezkaritzek abenduaren 17 eta 19 bitartean Bogotan egin zen foroan herritarrek egindako ekarpenak eman zizkieten bi aldeetako negoziatzaileei. 522 erakunde edo mugimendu ordezkatzen zituzten 1.314 herritarrek egindako 546 proposamen jaso zituzten.

Antolatzaileek parte hartzea zabala eta askotarikoa izan zela nabarmendu zuten.

Bai gerrilak baita Gobernuak ere foroaren garrantzia aipatu zuten. «Herritarrek egindako ekarpen horiek baita Kongresuak bultzatuta antolatu ziren mahaietan jasotakoak ere argi uzten dute kolonbiarrek bakea lortzeko duten desioa», plazaratu zuen FARCen ordezkaritzak.

Bere hitzetan, ondorio horiek argi uzten dute jendeak premiazkotzat jotzen duela nekazal erreforma bat egitea, latifundioarekin amaitzeko.

Ez dute su-etena luzatuko

Bestalde, gerrilaren negoazio buruak, Ivan Markezek, ez dutela su-etena luzatzeko asmorik iragarri zuen.

Azaroaren 19an, elkarrizketen hasierarekin batera, gerrilak bi hilabeteetako su-etena iragarri zuen, urtarrilaren 20ra arte hain zuzen ere. Erabaki hori Bakearen Aldeko Kolonbiarrak taldeak eginiko eskaerari erantzun egiten ziola azaldu zuten.

«Momentuz ez dugu su-etena luzatzeko asmorik. 60 egunez ez dugu ekintzarik egin azpiegituren edo indar armatuen kontra. Su-etena bake giroa sortzen laguntzeko nahiarekin ipini genuen indarrean. Gobernuak nahiko balu, bi aldeetako su-etena adostuko genuke», esan zuen Markezek.

Gobernuak maiz esan du ez duela estrategia militarrak aldatuko eta operazio militarrak mantenduko dituela. Elkarrizketak hasi zirenetik gutxienez bi alditan erasotu du gerrila airez.

GARArekin eginiko elkarrizketan, Alexandra Nariño gerrilariak eta hainbat aire erasoen lekuko, Armadaren egin ohi dituen bonbardaketak salatu zituen. «Zer esango luke nazioarteko komunitateak gerrilak Indar Armatuei gauez, soldaduak lotan dauden bitartean, bonbak ordu luzez jaurtiko balizkiete? Gizateriaren kontrako krimentzat joko luke», helerazi zuen

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo