GARA > Idatzia > Euskal Herria

HIRITAR MEREZIMENDUAREN DOMINAK

Gorazarre eta aitortza, gizartea eta Donostia hobetzen laguntzeagatik

Osasunean, kirolean nahiz kulturan, hainbat alorretan ekarpena egiteagatik saritu ditu aurten ere Donostiako Udalak hiriko bost pertsona edo talde: Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi», Jaime Caballero, Luisa Etxenike, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Neonatologia eta Txotxongilo Taldea. Lan anonimoa izan da batzuetan, baina garrantzitsua beti.

p021_f02.jpg

Maider IANTZI

Udalbatza dotorea leporaino betea zela -balkoietan ere baziren begiak, adi-adi- sartu zen Juan Karlos Izagirre alkatea omenduekin, Txistularien Bandak Raimundo Sarriegiren «Alkate Soinua» jotzen zuen bitartean. Jada gure artean ez dagoen Txillardegi humanista petoaren semea eta biloba izan ziren domina jasotzen lehenak, Joseba eta Eneka Alvarez, danbor-txalo eta musika artean.

Josebak pankarta bat zabaldu zuen, Euskal Herrian Euskaraz-ekoa, eta Juan Karlos Izagirreri eman zion bulegoan jartzeko eta hala goizero-goizero euskararen alde egiteko bertze egun bat duela oroitzeko.

Aita «ekintza gizona» zela gogoratu zuen: behin, EHEkoek Radio Nacional de España okupatu zuten eta arduradun gisa azaldu ziren Luis Mari Mujika eta Txillardegi epailearen aitzinera eraman zituzten. Hau gaztelaniaz hasi zenean, berak euskaraz eginen zuela erantzun zion eta orduan, epaileak euskaraz ez baina katalanez bazekiela eta hala eginen zuela proposatu zion. Mujika latinez hasi zen orduan! Itzultzailerik bazuten galdetu eta Ramon Labayen -Danborkidek omenduko duen alkate ohia- ekarri zuten. Azkenean, epaiketa euskaraz egin zuten.

Kultura batzuetan emakume haurdunek jaiotzear den umetxoari kantatzen dioten «Bebe Mama Ye» abesten zuten bitartean hartu zuten domina Donostia Unibertsitate Ospitaleko Neonatologia saileko Juncal Etxeberria, Maria Antonia Perez, Pakita Perurena eta Carmen Pregok, lankide guztien izenean. «Gure lana zehatza eta ederra da, bete egiten gaitu», adierazi zuten. Zailtasunekin jaio diren haurrei bizitzen laguntzen diete eta gurasoen ondoan ere egoten dira. 60ko hamarkadan du hasiera beren lanak, inkubagailu gutxi zegoen garaian, eta 1985ean aldatu ziren orain dauden unitatera. Eguneko 24 orduetan lan egiten dute eta sari honek haurrek behar duten ilusioz segitzera animatzen ditu.

Txotxongilo Taldeko Manolo Gomez eta Encarni Genua ere gauzak hagitz bertzelakoak ziren garaian hasi ziren haurrak alaitzen eta euskal kultura sustatzen. Orain 42 urte ez zen Euskal Telebistarik, pailazorik eta antzerkirik euskaraz, eta txotxongiloekin batera euskaldundu zen bikotea. Genuak bertso batekin eskertu zuen omenaldia: «Guk egin dugulako lan eder ugari/ zuen laguntzarekin denontzat da sari/ haizeak hauxe dio entzun adi-adi/ gaur pozik dagoela gure Erreka Mari». Azken puntu hau denek errepikatu zuten, txotxongiloen ipuin berezia gogoan. Eta bukatzeko, Elai, Aiert eta Garaziren dantza eta Donostiako Martxa, guztiak altxatuta. Eta irrintzi sakon bat.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo