GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Troika behar ez, han!

Ez dakit mundua aldatzen ari den, planeta aldatzen ari diren arren. Bai jakin, ostera, han-hemenka hauteskundeak izan badirela, eta itxura batean behintzat aldatu egiten direla hainbat goi-buru. Hortik «buru bezainbat aburu» esatera tarte handia dago, egon ere; buru asko, larregi, aburu berekoak baitira. Hara, Vatikanoko Zerrendara. «Habemus», oihuka jaso omen zuten fededunek plaza nagusian ke-muturrarekin batera zihoan berria. On dagitela, zertarako fededun izan bestela! Izan badute zeinek agindu, behinik behin; inguruko italiarrek ez dutena! Ez izate hori onerako ala txarrerako den, beste kontu bat da. Momentuz ez dute Vatikanoko kristauek troika baten beharra, Hego Amerikako jende gehiegirekin, kasurako, zorretan egonda ere, kitatu ez duten zor bizian. Dena dela, aginte barik egonda ere ez zieten horiei troika ezarriko; ez dute ba Hirutasun Txit Santua! Amen. Tira, harira! Zaila ez da gero Aita Santua izatea!, hori hainbat adineko agure zaharren esku baitago, kontua gero dator, Elizaren Idazkari Orokorra izanda, Jainkoaren Lurreko bozeramailea izateaz gain, esku artean duzun egitekoari ekin behar diozunean, orduantxe! Honetaz inor gutxik hitz egiten du, baina zer Zerrenda hartako aurtengo aurrekontuei buruz? Nondik norakoak izango? Ikusteko dago zelan aterako dituen aurrera Aita berriak, kapaz balkoitik egiteko! Jainkoarren!

Mediterraneoko ipar bazterreko estatuetan arazoak badituzte erretiroaren diru-partidekin, kontuak atera zer ez ote duten han izango! Ikustea baino ez dago Zerrenda horretako piramidea! Bai, Elizak ere berandutu baino lehen hasi beharko du diru-sarreren inguruko debatea, orain artekoak kristorenak izanda ere ez baitira seguruenik heltzen gaurko egoerak eskatzen dien mirakulu mailara. Ez litzateke harritzekoa ostia hartzera derrigortu, meza nagusian sikiera, eta bera kobratzen hastea, jaunartze momentuan bertan edo «ostia-card» bidez aurretik. Lan-zama ere handituko zaie aparatukoei.

Litekeena da, hortaz, gotzainei urteko meza-ordu kopurua igotzea, eta jai-egunena jaistea. Eta murrizketak. Derrigortu ere, seguru asko, meza amaieran «dominus vobiscum» ezartzea, Jainkoa eliztarrekin joanez gero, bat gutxiago sakris- tian geratuko. Ama, ama! Asisko Frantzisko! Ke-mutur zuriak ekarria!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo