GARA > Idatzia > Kultura

Eguzkilore bitxi markak euskal usadioak eta moda batuko dituen bilduma berria aurkeztu du

Urrian dendetan salgai izango diren bitxien inguruan aritu ziren atzo hainbat blog erabiltzaile, markak Donostian duen dendan. Denda lekuz aldatu dutela aprobetxatuz, inaugurazio jaia egin zuten.

p044_f01_148x104.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Zuluaga familia bizkaitarrak sortutako Eguzkilore bitxi markak bilduma berria izango du bere dendetan, eta horien berri eman zuen atzo Donostiako Hernani kalean zabaldu berri duen dendan. Orain arte Alderdi Eder parean zegoen saltoki txikia, baina lekuz aldatu dute Askatasunaren etorbidetik gertuago egoteko eta espazioa zabalagoa delako. Leku aldaketa hori aprobetxatuz jaitxo bat egin zuten atzo, eta zenbait blog erabiltzailek parte hartu zuten, urrian salgai izango diren pieza berriei buruzko iritzia emanez.

Bitxien artean toki garrantzitsua du eguzki-loreak, noski, markaren irudia izateaz gain, nortasuna ematen dion elementua delako. Askotarikoak dira loreak; zilarrezkoak batez ere, baina baita kobre edo urrezkoak, klasikoak edo modernoagoak, txikiak edo handiak, eta koloretako harriekin eginak edo soilak. Horientzako inspirazioa egindako bidaietatik ateratzen dute, Igotz Zuluaga gerentearen esanetan. «Bitxigintza berezia dugu, modari jarraitzen diona -kontatu zion GARAri-; Europara egindako bidaietan edo Interneten ikusten ditugun gauzez baliatzen gara gure piezak sortzeko». Baina Euskal Herritik ere jasotzen dute inspirazioa. Eguzki-lorea irudi maitatuena badute ere, noizean behin euskal kulturarekin zerikusia duten bestelako elementuak ere erabiltzen dituzte. Hala, Ekaingo kobazuloetako pinturetan ageri diren bisontea eta zaldia lepoko bihurtu zituzten, baita Mari jainkosa ere. Urritik aurrera salgai izango den bilduma berriaren baitan atentzioa ematen duen pieza Kontxako barandilla irudikatzen duena da. «Veneziako zubiak bikoteek zintzilikatzen dituzten giltzarrapoz josiak daude. Donostian ere ikusi izan ditut eta barandilla bitxi bihurtzea bururatu zitzaidan», esan zuen bitxigileak. Ondorioa, zilar zuriz egindako barandilla biribila, erdian kobre koloreko bihotz bat zintzilik duela.

Euskal nortasuna zabaltzen

Eguzkilore «euskal bitxi marka» izateko xedearekin jaio zen 2006an, Zuluaga bitxigile ospetsuen eskutik. Igotzek eta bere ama Maria Eugeniak jendaurrean jarduten dute, eta anaia Ander eta aita Ignacio, berriz, tailerrean aritzen dira buru-belarri. Izaten dituzten bezeroak, batez ere, euskaldunak dira, baina eguzki-loreak estetikoki politak direlako erosten dituzte askok, atzean duen esanahia kontuan hartu gabe. «Lan handia egin dugu eguzki-lorea babesten gaituen elementu bat dela zabaltzen. Duela 15 urte gutxik zekiten hori», aipatu zuen Zuluagak.

Turistak ere erakarri nahi dituzte, eguzki-lore bat Euskal Herriko oroigarri aparta delako. Era berean, bitxigileak badu kexa bat: bere esanetan, instituzioek atzerriko norbaiti opari bat egin behar diotenean beste marka batzuetara jotzen dute, euskal nortasuna duen marka bat dagoela kontuan hartu gabe. «Eguzki-lorea zer den zabaltzeko aukera izango litzateke».

LEKU ALDAKETA

Donostiako Hernani kaleko 33. zenbakian daude orain. Igandera arte, bertan zerbait erosten duten bezeroek %20ko deskontua izango dute produktu guztietan, eta kolonia bat jasoko dute opari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo