GARA > Idatzia > Euskal Herria

Plantouneko okupatzaileei bi hilabete eman dizkie Baionako Auzitegiak bizilekua uzteko

Baionako etxebizitza sozial huts bat okupatu zutenei bi hilabetean uzteko agindu die auzitegiak. HSA erakunde publikoari akordiorako dei egin diete berriro. Kanporatzea ekiditeko herri harresia antolatzeko asmoa dute.

p012_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Joan den maiatzaren 23an Habitat Sud Atlantique (HSA) erakunde publikoaren etxebizitza hutsa okupatu zutenek asteazkenean izan zuten Baionako Epaitegiaren erabakiaren berri. Hala, ebazpena ofizialki jakinaraziko dieten egunetik goiti, bi hilabeteko epea izango dute Plantoun auzoko etxea uzteko.

HSAk kanporatzea agintzeko eta egikaritzeko soilik 48 orduko epea emateko eskatu zion epaileari. Horrez gain, sententzia betetzen ez zen egun bakoitzeko 800 euroko isuna ere eskatu zuen. Alabaina, etxea libratzeko agindu duen arren, Baionako Auzitegiak malgutasuna erakutsi du agindua betetzeko emandako epean.

Okupatzaileek, ordea, bertan bizitzen jarraituko dutela adierazi dute. «Bizimodu normala egiten segituko dugu, beste edozein auzokidek bezala. Jakinarazpena jasotzen dugunean gure kanporatzea ekiditeko herri harresi bat antolatzeko asmoa dugu», nabarmendu du Hartzea Lopez Aranak. Halaber, HSArekin akordio batera iristeko prestutasuna berretsi du, nahiz eta Plantouneko etxebizitza sozialen jabeak okupatzaileekin hitz egiteari uko egin dion orain artean.

Auzokideen benetako arazoak

Zentzu berean, Plantoun auzoan bizi diren 30 auzokideetatik 19k gutun bat helarazi diote HSAri okupatzaileekin konponbide batera irits daitezen eta kanporatzea gauza ez dezan eskatuz. Okupatzaileez baino auzokideek dituzten benetako arazoez arduratzea ere galdegin diote.

Izan ere, 2009an estreinatutako etxebizitza multzoak sekulako arazoak ditu. Ekologikoki eredugarriak izan behar zuten egurrezko etxeen eraikuntza porrot izugarria izan da eta auzokideak auzitan dabiltza HSArekin.

Hain zuzen ere, «etxebizitza bat lortzeko ezintasunaren aurrean», auzoan hutsik dauden bost etxeetako bat da okupatutakoa. Okupatzaileek sostengu adierazpen anitz jaso dituzte, besteren artean, Bethi Aintzina eta Lurra eta Etxebizitza taldeenak. Ekainaren 26an epaitu zituztenean ere, esparru sozial eta politiko ezberdinetako ordezkaritza askotarikoa bertaratu zen Baionako Auzitegira elkartasuna adieraztera.

AUKERAK

Baionan okupatutako etxean legez bizitzen segitzeko formulak badaude, esate baterako, «erabilpen kontratua» deiturikoa. Hainbat elkartek, Emausek adibidez, erabiltzen dute jada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo