GARA > Idatzia > Kultura

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Klon taldeen erasoa

Bertsiogintza ez da lan erraza, ez ezazue horrelakorik uste. Beste batek egindako kantua hartu eta bertsiogilearen mundura ekartzea ez ohi da bide erosoa. Joan den egunean eztabaida gogorra eduki genuen lagun batek eta biok, Sakrek egindako «Izarren hautsa» kantuaren bertsioa zela-eta. Niretzat jasangaitza zena, harentzat kantu originalari nortasun berria emateko modua zen, ez ginen ados jarri, besteak beste, ezinezkoa zelako, zergatik egon beharko genuke ados?

Zergatik egiten digute, orduan, halako grazia talde klonatuek? Beste talde baten kantuez gain, nortasunaz ere jabetzen diren artistak eta taldeak? Gurean nahiko fenomeno berria dela esan behar, baina agertzen hasi dira, Kojon Prieto y Los Huajalotes edota Joxe Ripiau taldeenak, neuk dakidanez, azkenak. Talde originalari gorazarre itsua, berrirakurketa luzidoa, berrikusketa interesatua, nondik begiratu, halakoa da emaitza. Oso zilegi da ordea, eta askotan emaitza dibertigarriak eragiten dituztenak. Gauzak ez badira oso serio hartzen errazago klon hauekin disfrutatzea.

Dena dela, eta modek gurean hartzen duten bide «totalitarioa» kontuan hartuta, gerta daitekeen talde klonatuen ugaltzearen beldur, ideia parea. Lehenengoa, Lete eta Iriondoren bertsioa Albano eta Romina Power edo, oraindik hobeto, Pinpinela bikotearen modura. Bigarrena, Urkoren «Hemen gaude» ikuskizunaren berpizte integrala, bizarrak, didizorroak eta jertseak airera, «Leku bertsuan jarraitzen dugu» izena jar diezaiokegu. Hirugarrena, Kaxianoren klona, bi gogo alboetan dantzan, eta itsua ez bada jo dezala begiak ongi estalita. Azkenik Itoizen «Lau teilatu»ren bertsioak bakarrik egingo dituen talde bat, arazorik ez bi orduko saioa burutzeko.

Eta hau hasiera baino ez da; euskal musikariak, ausartu klon taldeak sortzen, oraintxe da garaia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo