Argazki jaialdia egonkortu nahi dute Biarritzen
·Iazko trantsizioaren ondotik, aurten herri guztian zabalduko dituzte obrak
Argazki eta bideo sailean egun egiten dituzten berrikuntzak ikusi ahalko dira Biarritzen ondoko maiatzaren 13tik 20ra izanen den jaialdian. Ibilaldi artistiko bat bezala antolatua, obra garaikideek Biarrizko gune esanguratsuekin bat eginen dute astebetez. Izan ere, aurtengo antolatzaileen xedea jaialdia egonkortzea da.
BIARRITZ
2005 urtean trantsizio gisa aurkeztu zuten argazki eta bideo jaialdia egonkortu nahi du aurten Biarritzek. Maiatzaren 13a eta 21a artean, jaialdia irudi eta egitura berri batekin agertuko da. «Iaz aukeratu genituen zuzendari artistikoek beste helburu bat zeukaten jaialdi honetarako, eta haiekin bat egiten ez genuenez gero, beste zuzendari bat bilatu behar izan dugu», argitu zuen Pierre Grenade Herriko Etxeko ordezkariak. Horiek hala, eta Neuflize/ABN AMRO banketxearen sostengu nagusia daukatela, bertako bildumako kontserbadore Aline Pujol izendatu dute jaialdiko zuzendari artistiko. Pujol bertan zegoela-eta guztia antolatzeko denbora txikia izan duela onartu zuen, baina, halere, argazki eta bideo sailean egiten dituzten berrikuntzak aurkezten saiatu zela esan zuen.Horiek hala, Pujolek, Biarritzen gaindi, gune esanguratsu batzuen bidez, ibilaldi artistikoa proposatzea erabaki du.Bellevuen, Sainte Eugenie kriptan, herriko Casinoko Piazzan, antzokian eta azkenik Itsas Museoan izanen dira erakusketak. «Artista ospetsuen obrak eta artista gazteen lanak bateratu ditugu erakusketan», argitu zuen Pujolek. Izan ere, aurtengo zuzendariaren xedea ikusle ahal bezainbat zabalari zuzentzea baita.
Jaialdi nagusi bilakatu «Bai aditu bai amateur diren guztiei irekia izatea nahi izan dugu. Horretarako, kalitate handiko obrak aukeratu ditugu. Bideoak, argazki numerikoak, obra garaikideak, hots argazkigintzan egiten dituzten berrikuntza guztiak, agerian izanen dira», gehitu zuen. Aurten Biarrizko argazki eta bideo jaialdi berriaren bigarren edizioa da, eta etorkizunean Estatu frantseseko mota horretako jaialdi garrantzitsuen artean egotea nahi dute.«Estatu frantsesean jaialdi gutxi da, eta kalitate onekoak. Hori hala izanik, Biarrizkoari berezitasun bat eman nahi diogu», adierazi zuen. Horretarako, ibilaldi artistiko batean, herriko gune esanguratsu horiei egokitutako obrak azalduko dituzte. Hots, leku bakoitzarekin zer ikusia duten argazki edo bideoak izanen dira.
Bost gune nagusitan banaturiko jaialdia
BIARRITZ Bai aditu bai eta amateurrei zuzendu nahi dieten argazki eta bideo jaialdiak Biarritzen zehar ibilaldi artistikoa proposatuko du aurten. Arte arlo horretako izen handi eta gazteen lanak erakutsiko ditu. Ibilaldia Itsas Museotik hasiko da, eta han “The Blue Noses” erakusketa zabalduko zaio ikusleari. 2005eko Veneziako Bienalerako artista errusiarrek landu- riko obrak agertuko dira bertan. Bellevuen, berriz, “Passages en ville” erakusketan, hiriaren ikuspegi berezia ematen duten argazki eta bideoak ikusgai izanen dira. «Egungo argazkilari gehienak irudi bakarretik bideora pasatzen dira. Erakusketa horretan, egungo artisten lan egiteko erak adierazi nahi izan ditugu», nabarmendu zuen zuzendari artistikoak. Sainte Eugenie kriptan, Claude Clos- kyren, 2005eko Marcel Duchamp saria eskuratu duen artistaren, obra bakar bat agertuko da. Eta, azkenik, herriko kasinoan, performance obrak ikusi ahal izanen dira; kanpoan jarriko duten pantaila erraldoian obra laburrak proiektatuko dituzte. «Publiko zabala ukitzea da ekimen horren xedea», bukatu zuen zuzendariak.
|