Keu Agirretxea oinarrizko rock disko batekin itzuli da
Uek Keu dugu, alderantziz. Eta Keu Jesus Mari Agirretxea da, Ondarroako gitarra-jotzailea. Etsaiak taldeko kidea izan da, baita Fjord proiektuaren sortzailea ere. Egun, bakarlari izateko urratsak egiten ari da. Gaztelupeko Hotsak zigiluak kaleratu du haren laugarren lana. Aurrekoak instrumentalak ziren; honetan, aldiz, abestu egiten du lehenengo aldiz.
BILBO
Keu Agirretxea eskarmentu handiko musikaria da. Tradizio klasikoko gitarra-jotzailea izanik, bakarlari gisa hainbat estilotatik edaten dut.
Bere aurreko hiru lanak instrumentalak izan ziren. Honetan, “Heltzear diren egunak” izenburukoan, berak idatzitako hitzak abesten ditu. «Ueken beti gaude aldatzen. Honetan, disko intimista atera da, eta protagonista sentimendua da», argitu zuen atzo Bilbon egin zuen prentsaurrekoan. Proiektu horretan, Agirretxeak Mikel Arakistain baxu-jotzailea eta Jon Gurrutxaga bateria-jotzailea izan ditu laguntzaile, baita Oier Ponce pianoarekin ere. Haiekin grabatu du diskoa Andoaingo Garate estudioetan, helburu argi batekin: «Gure helburua ez da lan pilo bat egitea adornoekin gero zuzenera eraman ezin daitekeena. Gu hirukote bat gara eta zuzenean ispilu leiala izango zuen disko bat egin nahi izan dugu». Diskoak rocka jorratzen du, pop ukituarekin. «Kanta sinpleak eta naturalak dira, baina indartsuak eta zuzenak», ziurtatu zuen musikari ondarrutarrak.
Diskoa zuzenean aurkeztuko dute hil honetan. Gaur bertan, Durangoko Plateruenan izango dira. 18an, berriz, Ondarroan joko dute; 25ean, Lekeition; eta 31n, Elgetan. Haren asmoa laster Latinoamerikan barrena itzuli bat egitea da.
|