Luzaroan iraungo du egunotako astinaldi sozial eta politikoak. Luzaroan eragingo du, ez dute-eta hainbeste heriotza eta sufrikario ekartzen dituen kartzela politika kriminala oraindik baztertzeko asmorik, itxuraz. Herritarron kontzientzia astindu duten gertakizun larrien katea luzea izan da. Argazki asko ikusi dugu. Argazki bakoitzean, jarrera etiko eta politiko desberdinak gardenki erretratatu dira euskal sozietatearen aurrean.
Estatu krimen berriak
Oihane atzo, Kotto bart. Bero ditugu gertakariok oraino, eta Igor eta Roberto hil dizkigute gaur, azkenak. Igor Angulo eta Roberto Sainz euskal preso politikoen heriotzak kartzela politikaren bidez Rodriguez Zapateroren gobernuak eragindako estatu krimenak dira. Euskal preso politikoei aplikatzeko pentsatua izan den kartzela politikak eraman ditu Igor eta Robertoren ilusio eta amets guztiak. Hil egin ditu, horixe da hain zuzen kartzela politikaren helburu gorena. Biziarteko zigorra aplikatu diete Igor eta Robertori. Heriotza zigorra, zuzenago esanda. Hil egin dituzte!
Igor sokak ito du. Hori esan digute baina ez dugu ikusi. Ez digute erakutsi nola, noiz eta zergatik. Sakabanaketaren sokak estutu du edonola ere. Bihotzekoak jota Roberto. Denbora zeraman arren bihotzeko minez, kexu eta kezkati. Osasun asistentzia, hutsaren hurrengo. Sokaren efektuaren pareko. Esan bezala, kartzela politikak hil dizkigu biak.
Politika kriminala
Ez dira lehen estatu krimenak, ordea. Paris eta Madrileko agintariek euskaldunoi ezarritako kartzela politika kriminalak, azken bi hamarkadotan, 21 euskal preso politiko eta bide bazterrean geratu diren 16 senide eta lagunen heriotza eragin du. 37 hilotz. Abu Ghraib eta Guantanamo ez zaizkigu hain arrotz. Memoria freskoan oso gogoan ditugu lagun guzti hauek, eta sekulan ez ditugu ahaztuko.
Asaldatzen dira batzuk Amerikar Estatu Batuen basakeriekin, isildu gertuagokoekin. Zer da bada euskaldunokin egiten dutena? Tropa arrotzek arrestatzen dituzte euskal herritarrak, ehunka kilometrora bahitu, inkomunikatu eta torturatu ostean, kartzelatu eta hilik bueltatzen dizkigute. Kartzela politikaren azken helburua beteta, errepresio gordinenaren zirkulu kriminal eta krudela ixten da. Sakabanatu, urrundu, eta indefentsio latzenean murgila- razi ondoren, su geldoan kiskali nahi dituzte euskal militante independentistak. Isolatu, bakartu, artatze medikua ukatu, oinarrizko eskubideak zangopilatu, iraindu, jipoitu eta torturatu egiten dituzte. «Heriotza hauek deitoratzen ditugu» esan digute batzuek ahots lotsatiz. Madarikatuak!
Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia ere testuinguru politiko honetan eman dute. Pisu politiko sakon eta espezifikoa duena eta arreta jarri behar duguna. Erredentzioen aplikaziorako urte luzeetako kriterioak bertan behera utzi dituzte kolpe batez. Parot deitu erabakiarekin kode penal frankista gainditzea permititu dute, 30 urte osoki bete beharra inposatuz euskal presoen kopuru handi bati. PPk beste 40 urterako gerra apustua asumitzeko urratsa eman zuen, orain PSOEk gutxienez beste 10 urterako gerra apustua indartu du. Kasurik txarrenean mehatxua plazaratu: biziarteko kartzela zigorra.
Parisen ildo beretik ari dira. Indarrean den biziarteko zigorra trinkotzeko kartzela zigorrak gogortu dituzte beste hainbat neurri errepresiboren artean, islamiarrak aitzakia eta euskaldunak gogoan, dudarik gabe.
Presoak, zuzenbidezko estatuaren eskubideen errespetu eta garantiatik oso urrun, politikoki instrumentalizatzen jarraitzeko hautua agerian uzten ari dira. Presoak, hel- buru politikoak lortzeko bahitu gisa tratatzeko norabidea indartzen. Epe luzeagorako gerra estrategiaren ikuspegitik mugarriak jartzen.
Madril eta Parisen ardura garbia bada. Ez da lausoago PNVren ardura. Argi eta garbi aldarrikatu berri du Ardantzak sakabanaketarena PNVren diseinua izan zela. Politika kriminal honen zamak zuzenki jotzen du alderdi hau, di- seinu horretan jarritako indar bera desaktibazioan jartzen ez duen artean gutxienez. Eta Azkarraga bergizarteratzeaz mintzo zaigu oraindikŠ berak astindutako politika hark sakabanaketak adina heriotza utzi zituenean. Ustelak!
Errotik aldatu behar dute kartzela politika. Gako demokratikoetan oinarritu behar dute, parametro errepresiboetatik urrunduz eta preso politikoen eskubide guztiak bermatuz. Prozesu politikoa prozesu, euskal sozietateak mugarria hor jarri behar du.
Erantzuna. Errepresioa. Zipaioak
Tropa arrotzak aipatu ditugu arestian. Espainiaren zerbitzura den polizia autonomikoa deitutako horrek, Ertzaintzak, arrotzen estiloan jarduten du. Are urrunago joanez ere askotan. Manifestatzeko debekuari besoak puskatu, begiak galarazi eta buruak irekitzeko eskubidea dutelakoan. Zipaio basatienen eredu garbia edonoren begietara.
PNVk Baltzaren bidez, Ibarretxeren baimenaz eta gobernu baskongadoaren beste so- zioen babesaz, indar armatuak bota ditu kalera euskal herritarrengana oldartuz. Herritar babesgabeak kolpatuz eta jipoituz. Gure herriaren alde gehien ematen ari direnei eman beharreko azken agurra kriminalizatuz eta pertsegituz. Hilerrietaraino haien bota zikinak eramanez.
PNVk protagonismoa aldarrikatu du Espainiaren aurrean, ezker abertzaleari aurre egiteko gai izaten jarraitzen duela esateko. Ez du zalantzarik egin horretarako hildako presoak, senide eta lagunak eta ezker abertzalea oro har iraindu eta mintzeko. Presoen gaiarekin sozietatean den sentsibilitatetik duen distantzia handituz. Zipaioak horretarako baliatu eta sarraskia probokatuz. Miserableak!
Arratsaldea sartzen joan ahala ezin zipaioekin euskaraz komunikatu! «No vamos a perder el tiempo». 25 urte eta gero hau leporatzean, beste 25 urte ere horrela izatea espero zituela esan zigun arduradun nagusiak, gorriz zegoen gizaseme ezezagun hark. Hori da sortu duzuena. Hori da instrumentalizatzen duzuena. Nazkagarriak!
Eta zipaioen errebolta noizko? Agian zuon hilobietan krabelinak jartzera joanen gara egunen batean? Bitartean ttu eginen dizuegu eta egurra eman, kaleetan eta hilerrietan. Kiratsa. Horixe dario EAJ eta Lakua gidatzen duten elite politikoari. Hori da iragan astean Santurtzi, Portugale- te eta Gasteizen nagusiki erakutsi digutena. Edonon barne ministro, gobernu buru edota gobernu osoaren dimisioa ekar- tzeko moduko jarduerarekin. Lotsagabeak!
Aurrera begira
Inflexio puntu berria egunotakoa euskal politikan, erasoak izan dituen ezaugarriengatik eta erantzunaren tinkotasunagatik.
Egoera politiko garrantzitsuaz mintzatzen gara. Urte luzeetako borrokak ekarri gaitu aukera politiko berrietara. Inposatutako marko politikoek goia jo dute, eta aldaketa politikoen atarian gaude. Atari horretan bakoitza bere posizioak indartzen saiatzen ari da. PPk jasanezina du inolako aldaketaren notiziarik. PNV eta PSOE aldaketak beren modura eta beren aldera mugitzen saiatzen ari dira. Ezker abertzalea bere bidea egiten, baina leihoa Euskal Herri osoarentzat ireki dadin borrokan.
PNVk duena galdu edo partekatzeko beldur dela agerian utzi du. Herritarrak zanpatu behar baditu zanpatuko dituela ere. Kolaboratzaile fidel eta zintzo. Traizioa berritzeko prest. Jakin behar du ez gaudela 77an, ez 87an, ez 98an. Asko ikusi, ikasi, bizi eta sufritu duela ezker abertzaleak.
Saiatuko dira ezker abertzalea baldintzatzen, ahultzen, txantaiatzen, errepresioz, mehatxuz. Egoera politikoa norabide egokian doala entzuten dugu. Esaten dugu. Gogorra da bai, azken hiru urteotan gatazkarekin lotuta 17 euskal herritar hil direnean. Gogorra izaten ari da eta seguruenik izango da, egoerak joan etorriak izango ditu-eta.
Baina borrokak ekarri gaitu honaino eta borrokak eramango gaitu arrakastaraino. Inongo mahaien zain egon gabe, herri presioa ezinbestekoa izango da. Aste honetakoa aspaldiko lehen greba izan dela deitoratu dute, arrakastatsua izan da mobilizazio jendetsuekin lagunduta. Gehiago beharko dira prozesu demokratikoa ireki dezagun denon artean. Arduradun eta tertuliano profesionalak saiatu dira desitxuratzen inon bada tresna demokratikoagorik! Konponbide politikoa jomugan, prozesu demokratikoa ireki eta abiatzeko herritarrok aktibatu eta mobilizatu beharko dugu prozesuaren protagonista izateko.
Presoen errealitatea, gatazka gako demokratikoetan kokatzeko antzeztoki egokia da, hain zuzen, eraso bortitzenak jasotzen diren eremua. Orain aldatu beharra dute, edozein kontestutan egin beharko luketen arren, prozesua joan ala etorri. Euskaldunontzako Guantanamoak eraitsi behar ditugu. Abu Ghraib guztiak suntsitu.
Erretratuez ari ginela, aurrera begira, gu, orain arteko asko eta asko bezala, Igor eta Robertoren senideen tinkotasun eta duintasunarekin geratuko gara. Idoia eta Anaren indarrarekin. Heriotzari Igorrek lapurtutako Aitzolen etorkizun eta esperantzarekin. Erretratu horrekin. Eutsi goiari! -