Egungo oztopoak gutxietsi eta baikor agertu dira Ibarretxe eta Errazti
Azken bi aste hauetako gertaerek zalantza handiak eragin dituzte etorkizunari begira. Horiek hala, atzo Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Txiletik eta Begoña Errazti EAko buruak Iruñetik mezu positiboa eman zuten. Bien esanetan, irtenbidera eramaten duen prozesuak «ez du atzera bueltarik». Hala eta guztiz ere, hori noiz gertatuko den ez dute zehaztu. Konponbideak erabakitzeko eskubidean duela oinarria berretsi zuten bi agintariek.
TXILE
Juan Jose Ibarretxe Txilen da egun hauetan, eta bertako hiriburuko Euskal Etxean hitzaldia eman zuten ostegun gauean, Euskal Herrian izan zen greba eta mobilizazio jardunaldia bukatu ondoren. Bertan, azken aste hauetako egoera zailak aipatu zituen Lakuako gobernubu- ruak, baina «mezu positiboa» eman nahi izan zuen.«Lainoak eta itzalak egon badaudela egia da, baina inoiz baino itxaropen izpi gehiago ere bada, eta argiak itzalak baino gehiago dira», esan zuen lehendakariak. «Horregatik, lehendakari izanik, itxaropentsua naiz. Ozto- poak oztopo, Euskadin bakea ezagutuko dugu guztiok. Nik 49 urte bete behar ditut, eta Euskadi ez dut bakean ezagutu. Baina ziur naiz nire alabek ikusiko dutela, eta neuk ere ikusiko dudala», aipatu zuen. Bere aurreikuspena hauxe da: «Indarkeriarik gabeko egoeran, ETAk indarkeria amaitu ondoren, Euskadin alderdien arteko mahaia sortuko da, eta alderdien arteko negoziazio prozesua abiatuko da, Espainiako Administrazioa, Eusko Jaurlaritza, Zapatero presidentea, lehendakaria... Negoziazio prozesua izango da, eta bertan, euskal gizartearen erabakitzeko eskubideaz jardungo dugu». Horren ondorioz, herri galdeketa izango dela erantsi zuen, eta horretan munduan zehar sakabanatuta dauden euskal herritarrek parte hartu ahal izango dutela argi utzi zuen. Hitz horien berri izan bezain laster, PSEren Batzorde Eragileak erantzuteko agiria kaleratu zuen. Bertan, alderdien arteko helburua autodeterminazio eskubidearen inguruan jardutea dela esateak elkarlana oztopatzen duela nabarmendu zuen. Ibarretxek markatutako bideak «terrorismoari ordainsari politikoa ematea» adieraziko lukeela esan zuen PSEk.
«Gutxiengoaren betorik ez»
Iruñean agerraldia egin zuen EAko buru Begoña Erraztik, horrek ere itxaropen mezua emateko asmoz. «Atzera bueltarik ez du prozesuak, nahiz denbora aldetik hori noiz izango den ezin dugun zehaztu», nabarmendu zuen. Alde horretatik, hedabideei dei egin zien Erraztik, konponbidea epe motzera gertatuko dela esan ez dezaten.«Irtenbidea inoiz baino gertuago dago ziurtatu zuen EAko buruak. Oraingo bideak eraginkorragoak direla frogatuta dago; horregatik diot ez dagoela atzera egiterik. Guztion arteko akordioa da bide bakarra, eta hori guztiok onartzen dugu». Halere, bide horretan PSOEri esan zion: «Gutxiengoak ezin dio betoa jarri gehiengoari». PPk berak egun batean daitekeen prozesu horretan parte hartuko duela uste du.
|