Berrehun lagun Baionan aterpetze elkarteen alde
BAIONA
Larrialdiko aterpetze sailean lanean diharduten elkarteek dituzten arazoak salatzeko berrehun bat lagun elkartu ziren atzo, Baionan. Espainiako Atean bilduak, Atherbea, Point Accueil Jour, La Table du soir eta Emmaus elkarteak, banan-banan, bai finantzaketan, bai egituraketan dituzten arazo larriak ezagutarazi zituzten. Eskaleak laguntzeko Hotz Handiaren Plana burutzekotan dagoelarik, aterpetzearen arazoa ez zela hiru hilabetekoa gogorarazi zuten elkarteek. Urte osorako lana zela esan zuten.
«Egoera ezin onartuzkoa da. Jasotzen ditugun lagunek arlo guztietako arazoak dituzte, bai etxebizitza, bai osasun eta enplegukoak. Arazo horiei guztiei erantzun bat ematen saiatzen gara, baina horrek ez luke gure ardura izan behar», esan zuen Christian Murat Point Accueil Joureko arduradunak.
Horiei erantzuneko baliabiderik ez zutela gehitu zuen. «Gure xedea gizarteratzean aritzea da, baina gauzak dauden moduan, ezin dugu gehiago gure xedea bete», gehitu zuen. Gainera, aurrekontuan elkarte guztiek defizitak dituztela salatu zuten.
Ondoko martxoaren 30ean Departamenduko Prefetarekin elkartzekoak direla esan zuen Muratek. Bilera horretan prefetari eskatuko dizkioten epe laburreko neurrien artean bi hotel edo egoitza sozial irekitzea dago. «Eta, horretaz gainera, egoerari aurre egiteko hausnarketa egitura bat martxan jartzeko eskatuko diogu», burutu zuen esaten.
|