- Top 14
Beste urrats bat egiteko aukera ederra du Avironek
BAIONA
Avironek aukera paregabea dauka jaitsierako arriskuak baztertzen jarraitzeko. Horretarako, gaur Brive menderatu beharko du 17.00etan, Jean Dauguer zelaian.
Lapurtarrek, joan den astean Montpellierri irabazi ostean, atzekoei tartea handitu diete, eta maila galtzeko hemendik aitzinera gauzak oso gaizki egin beharko dituzte. Gaur, irabazita, berriz, sekulako urratsa egingo lukete, eta oraindik jardunaldi dezente gelditu arren, bidea asko samurtuko lukete. Brive orain baionarrak baino postu bakarra dago aurretik.
Gainera, egun Aviron sailkapeneko hamargarren postuan dago. Orain arte bost partida irabazi ditu, bat berdindu, eta hamaika norgehioagoka galdu ditu. 330 puntu egin ditu, eta 418 jaso. Era berean, bost puntu gehigarri ere egin dituzte lapurtarrek.
Brive postu bat gorago dago, bederatzigarrena, eta Avironek baino zenbaki hobeak lortu baditu ere, aldea ez da handia. Frantziarrek orain arte jokatu dituzten partidetatik zazpi irabazi, bat berdindu eta bederatzi galdu dituzte; 250 puntu egin dituzte, eta 328, jaso. Beraz, euskaldunek baino dezentez puntu gutxiago egin dituzte, nahiz eta gero jaso ere horrela egin dituzten. Puntu gehigarriei dagokienez, Brivek sei egin ditu, Avironek baino bakarra gehiago.
Jokalariei dagokienez, Fromont izango da zuri-urdinen hutsune bakarra;eta Thierry, berriz, azkeneko unera ezin izango da jakin jokatuko duen. Brive, berriz, hutsune askorekin etorriko da Euskal Herrira, eta Lapurdiko hiriburukoek aukera hori galtzen ez lukete utzi beharko. Van Zyl, Malegrie, Merienval, Leite eta Giordani ez dira gaur Jean Dauguerreko berdegunean izango, eta guztiak ere jokalari garrantzitsuak direnez gero, hori nabaritu behar luke. Avironek larunbatean bezalako jokoa egiten baldin badu, garaipenak ihes egitea zaila izango da.
Partida ohi baino lehenago jokatuko dute, normalean 18.30ean izaten baita, baina gaur oren eta erdi lehenago hasiko da; izan ere, 19.30ean futbola izango baita. Bazen garaia bi taldeak adosteko, orain arte ez baitute lortu, eta azkenean biak ateratzen ziren kaltetuak, bietara joaten den jende asko baitago.
|