Ugaltzen ari dira konponbidearen aldeko mobilizazioetarako deiak
ARRASATE
Eragile, sindikatu eta alderdi politiko ugari izan dira, eta ezker abertzalea are eta gehiagotan, Euskal Herriaren gatazka politikoa konponbidean jartzearen alde euskal gizartea mobilizatzea ezinbestekotzat jo eta aldarrikatu dutenak.Gatazka konpontzearen alde hainbat mobilizaziotara deitu dute. Guztiak ere jatorri eta mota desberdinekoak izan arren, helburu berbera dute: konponbidea. Bihar izango da gatazka politikoaren konponbidea aldarrikatuko duen mobilizazio horietako bat; hain zuzen ere, Iruñean.Nafarroako hainbat hiritarrek deitu dute, bihar, 17.30ean, Iruñeako Golem zinemetatik abiatuko den manifestaziora, eta «Errepresiorik ez, konponbide demokratikoa» leloa izango du.Joan den aste bukaeran ere manifestazioak izan ziren lelo berarekin Euskal Herriko hainbat txokotan. ANVk bat egin du bihar Iruñeko karriketan konponbide demokratikoa aldarrikatuko duen manifestazioarekin, eta bertaratzeko deia egin dio euskal gizarteari. Helburu berberarekin beste manifestazio batera deitu dute datorren apirilaren 1erako, Bilbon. Konponbidearen aldeko mobilizazio horretara, aldiz, politikako eta sindikatuetako hainbat eragilek deitu dute. Manifestazio horretarako Debagoieneko hainbat herritarrek ere deialdia egin dute.
Anoetako proposamena Izan ere, Arrasaten, ezker abertzaleak eskualdeko agerraldia egin zuen, eta konponbidean, euskal herritarren erabakia errespetatu behar dela nabarmendu zuen. Partehartzaileen aburuz, gatazkaren konponbideak akordio demokratiko zabal bat eskatzen du, bai eta gatazka gainditzeko ahaleginek «prozesu demokratiko bat». Urola-Kostako Batasunak ere datorren asterako hainbat hitzaldi eta mobilizazio antolatu ditu, 2004ko azaroan aurkeztu zuten «Orain herria, orain bakea» proposamena zabaltzearen gainean. Hala, asteartean, hilak 28, hitzaldia izango da Orioko kultur etxean, 19.30ean. Asteazkenean, ordu berean, Getariako Alhondigan izango da; eta ostegunean, berriz, Zumaiako Oxforden. Larunbatean, apirilak 1, 12.00etan, ekitaldia eta manifestazioa izango dira Zarautzeko Musika plazan.
|