Uriartek esan du Eliza esku hartzeko prest dagoela
Donostiako gotzainak agertu du ETAk emandako urratsa «beharrezkoa» zen ondorengo bidaia egiteko. «Eliza bere pastoraltza zereginetan sartzen den edozein zerbitzu eskaintzeko prest» dagoela ere esan du. Uriarte bitartekari izan zen Aznarren Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketetan.
DONOSTIA
Juan Maria Uriarte, Donostiako gotzaina, komunikabideen aurrera agertu zen atzo urtero Elizbarrutiak bakearen alde Arantzazura antolatzen duen martxaren berri emateko. Esanahi berezia hartu du aurtengoan ibilaldiak datorren apirilaren 8an izango da, Uriartek berak nabarmendu zuenez: «ETAren su-eten iraunkorraren ondoren, Arantzazura Kristori eskerrak ematera igoko gara, bakearen eta adiskidetzearen bidean eman dugun urrats garrantzitsuagatik».Albistea «benetako itxaropenarekin» hartu duela esan zuen gotzainak, eta Elizaren prestutasun osoa agertu zuen «abiatutako prozesuan ekarpen berezia egiteko». Bide beretik, Uriartek nabarmendu zuenez, interes partikularrak direla-medio, bakearen bidean hondoa jota gelditzea «perbertsio hutsa» litzateke. Gotzainaren iritziz, ETA erakundeak emandako urratsa beharrezkoa zen ondorengo bidaia egiteko, baina, argitu nahi izan zuenez, «beharrezkoa ez da nahikoa». Hartara, erabateko bakea lortzeko bidea luzea eta malkartsua izango dela esan zuen. «Ibilbide zail horretan, beharrezkoa izanez gero, Eliza bere pastoraltza zereginetan sartzen den edozein zerbitzu eskaintzeko prest egongo litzateke», esan zuen. «Luzeak eta zailak diren prozesuetan gerta daiteke une batean nolabait bidea samurtuko duen bitartekarien beharra izatea», gaineratu zuen. Elizak euskal gizartearen adiskidetzean «zeregin handia» izango duela aurreikusten du Juan Maria Uriartek, eta «interes partikularrek eta mesfid-antzek» Elizaren egitekoa oztopa ez dezaten desio duela ager- tu zuen.
Ezagunak dituen zereginak
Elizak zabaldu berri den prozesuan izango dituen zeregin horiek ezagunak dituela esan zuen gotzainak. Izan ere, PPren Gobernuak eta ETA erakundeak 1999 urtean izan zituzten elkarrizketetan bitartekari lana egin zuen Juan Maria Uriartek.Bilera hura 1999ko maiatzean egin zen, eta Juan Maria Uriarte izan zen bitartekaria. Artean, ez zen Donostiako gotzaina, 2000ko urtarrilean eman baitzioten kargu hori. Garai hartan Zamorako gotzaina zen. Uriarte bitartekari hartuta, ETA erakundeko bi kide eta orduan Estatu espainoleko presidente zen Jose Maria Aznarrek bidalitako beste hiru lagun eseri ziren mahai berean; Ricardo Marti Fluxa, Francisco Javier Zarzalejos eta Pedro Arriola izan ziren, hain justu, Aznarren izenean joandakoak. Argeleko elkarrizketaz geroztik, parte bietako ordezkariak aurrez aurre esertzen ziren lehen aldia zen hura. Elizaren konpromisoa agertzeaz gain, Uriartek dei egin zion atzoko agerraldian gizarte osoari: «Denon egitekoa da bakearen eta adiskidetzearen alde jardutea». «Kristauok eta bakezaleok inoiz izan badugu motibo sakonik Arantzazura igotzeko, aurten ditugu motibo horiek», bukatu zuen.
«Armak utzi behar ditu»
Bestalde, Fernando Sebastianek, Iruñeko gotzainak, albiste positibotzat jo zuen ETAren erabakia. Aurrerapausoa dela onartu arren, ez dela oraindik «zintzarria jo behar» gaineratu zuen. «Lehendabizi su-eten iraunkorra deitu duten horrek zer esan nahi duen argitu behar da, nahiz eta badirudien eraso terroristen behin betiko bukaera adierazi nahi duela», esan zuen. Bide horretan, Iruñeko gotzainak zera gaineratu zuen: «Espero behar dugun eta ETAri exijitu behar diogun albiste bakarra indarkeria uztearena da. Armak utzi egin behar ditu».Sebastianek ETAri eskatu zion «bizitza politiko eta demokratikora batu» dadila eta helburuak «modu baketsuan» defenda ditzala. «Ez digute inongo mesederik egin, erakunde terrorista desagertzea guztiok daukagun eskubidea da».
|