- Harri-jasotzea
Perurena II.ak beste erronka bat du aurrean
DONOSTIA
Inaxio Perurenak 225 kiloko harri zilindroa jaso nahi du esku bakar batekin bihar Leioan egingo den jaialdian. 17.00etan hasiko da ekinaldia, eta Urrezko Aizkorako saioaren barruan egingo da.Leitzar gazteak 220koa jaso zuen orain dela bi hilabete, eta orain bost kilo gehiago erantsi eta beste marka bat jarri nahi du. Lortuko balu, adin horretan inork egin ez duena egingo luke. Esku batekin markarik handiena bere aita Iñakik dauka, 267 kiloko jaso baitzituen, eta atzetik Inaxio bera doa, 220rekin. Haren atzetik Aimar Irigoien dago. Gauzak ongi joanda, uda aurretik azkeneko ahalegina izango dela esan zuen Iñakik, Inaxioren aitak: «Orain dela bi hilabete 220koa jaso zuen, eta gero entrenatzen jarraitu, eta ongi jasotzen zuela ikusita, uda aurretik azkeneko ahalegina egitea erabaki dugu. Ez balu jasoko, beste ahaleginen bat egingo luke udako erakustaldiak hasi aurretik, baina marka egiten badu, hori izango da azkena, gero erakustaldien garaia helduko baita», esan zuen. Inaxiok, bere ideiekin jarraituz, aurreko markari beste bost kilo erantsi dizkio: «Oraingoz ongi doa, eta horrela joango da, baina jadanik pisu handietara iritsi da, eta ez dakit noiz arte jarraitu ahalko duen bosnaka kiloak gehituz. Pentsatzen dut aurki hasi beharko dela gutxiago erantsiz markak egiten», aitortu zuen aitak. Azkenik, marka egingo balu urte bikaina izango zela esan zuen Perurena I.ak: «Bi eskurekin udazkenean bat egin zuen, eta orain batekin bi egiten baditu, uste dut ez dagoela gehiago eskatzerik, eta udan lasai aritu daiteke, baina hori bai, entrenatzeari utzi gabe».
|