- Sokatira
Abadiñoko taldea laugarren txapela lortzeko bidean da
DONOSTIA
Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketak azkeneko saioa izango du bihar. Legutianon 17.00etatik aurrera jokatuko da 560 eta 480 kiloko azkeneko jardunaldia.Bi pisu horietan ligaxka ari dira jokatzen, eta azkenekoa izango da asteburu honetan. Lehia ederra izango da, batez ere 480 kilotan. Mutiletan, Abadiñok laugarren txapela lor dezake. Orain arte jokatutako saioak irabazi ditu, eta bi puntuko aldea kentzen dio bigarren doan Gatikari. Beraz, eta ezeren okerrik ez bada, laugarren txapela ere Abadiñora joango da, eta hori lortzen badu, mutilen Euskal Herriko txapel guztiak lortuko lituzkete; hori ez da txantxetako gauza. Txapela ez lortzeko oso lan txarra egin beharko luke, eta hori oso zaila izango da. Abadiño A eta Gatika Arekin batera, Abadiño B, Gatika B, Altamira eta Berriozar izango dira lehian. Nesketan, berriz, dema handia espero da. Orain arte ezustea izan da, hiru saioetatik bi Gaztedik bereganatu ditu, eta une honetan faboritoak diren Badaiotzen aurretik daude. Badaiotzek irabazi zuen 520ko txapela, baina bigarrena lortzeko ezinbestekoa du azkeneko saioa bereganatzea, eta Gaztedi hirugarren geratzen ez bada, kitarakoa jokatu beharko litzateke. Gaztedi B eta Girizia ere izango dira.
|