GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-24
Alberto LADRON ARANA | «Arotzaren eskuak» eleberriaren egilea
«Suspensezko eleberri honetan ez diot bakerik ematen irakurleari»
«Arotzaren eskuak» (Elkar) izenburua du Alberto Ladron Arana idazle nafarraren eleberri berriak. Suspensezko thrillerra da, generoan egiten duen laugarren sarraldia, eta ez da azkena izango.

Polizia nobela da ‘‘Arotzaren eskuak’’. Eleberri bizia eta ekintzaz betea. Ane Duhalde da protagonista. Neska gaztea da; 23 urte ditu. Aitonaren herentzia jasotzen du, Nafarroako Mendialdean dagoen baserri zahar bat. Aitonak utzitako etxean aurkitutako hezur batzuk ­gizon baten hondakinak­ bide ematen diote misterio istorioari. «Denak adierazten du aitona izan zela hiltzai- lea. Ez hori bakarrik, 80ko hamarkadan antzeko moduan hildako beste hainbat gizonen hiltzailea zela ere bai», esan du. Guztiak era berean aurkitu zituzten: eskuak zerra batekin moztuak. «Horrexegatik Arotza ezizena jarri zion Frantziako Poliziak;krimen gehienak han gertatu baitziren». Hortik bada, liburuaren izenburua.

Misterioa argitzen saiatuko da AneDuhalde. Misterioak oso erro sakonak ditu eta II. Mundu Gerran gertatu pasadizo bateraino iristen zirela aurkituko du Alberto Ladron Aranaren (Iruñea, 1968) liburuaren protagonistak.

Trama gehiena gaur egungo garaietan kokatzen da. 80ko hamarkadari eta II. Munduko Gerrari buruzko erreferentziak pertsonaien testigantzei eta egunkari zatiei esker iristen zaizkio irakurleari.

‘‘Eguzki Beltzaren sekretua’’k, (Elkar) aurreko eleberrarekin alderatuz, erritmo handiagoa du. «Aurrekoan askoz ere garrantzi handiagoa eman nien pertsonaiei ­esan du Ladron Aranak­. Ikusi nuen, neurri batean, horrek mantsotu egiten zuela erritmoa. Nobela honetan suspenseari eta erritmoari eman diet garrantzi handiagoa».

Atmosferari kontu handia jarri dio. «Liburu iluna egin nahi nuen. Adibidez, agertzen diren elementuetako bat eguraldia da. Udazkenean dago giroturik. Hor agertzen dira euria, lanbroa, zuhaitz biluziak, eraikin abandonatuak... guztien artean oso giro berezia sortzen dute, giro ilun eta protagonistaren barne munduarekin bat». Izan ere,Ane nahiko triste eta galdurik sentitzen da eta kanpoko mundua ere halaxe ikusten da.

Internet tresna baliagarria izan da idazlearentzat dokumentatzeko. Alderdi teknikoenez bustitzeko, sendagileak, abokatuak elkarrizketatu ditu eta frantses Estatuko hainbat erakunderengana jo du eduki historikoei buruzko informazioa biltzeko.

Alberto Ladronek suspensea du maite eta idatzi dituen lau liburuek osagai hori dute komunean. «‘Arotzaren eskuak’ekin argi nuen ez niola bakerik eman nahi irakurleari. Une oro ‘kaña’ eman nahi nion eta lehenengo orrialdeetatik harrapatu nahi nuen», esan du.Amaiera aldean ezusteko bat oparitzen dio orrialdeetan barrena aurrera egiten duenari.

Irakurlearen interesa mantentzea ez da lan erraza. Alberto Ladronek «plan zehatz bati» jarraitzen dio. «Idazten hasi aurretik gauza batzuk nahiko garbi eduki behar dituzu; batez ere, trama ondo egituratzeko. Gero aldaketak etor daitezke, baina hasieratik nahiko garbi eduki behar duzu nora zoazen».

Mementoz genero horretan jarraitzeko asmoa du. «Oso eroso sentitzen naiz eta izugarri gustukoa dut nobela mota hau bai idazteko bai irakurtzeko».

Munduan erruz argitaratzen dute genero horretan. Tamalez, euskaraz ez da izenburu gehiegi ikusten dendetako apaletan. «Eskaintza ez da oso ugaria; beste eratako nobelak egiten dira, intimistagoak», esan du. «Idazten hasi nintzenean oso marginal geldituko nintzela iruditu zitzaidan. Baina harrituta gelditu naiz, arrakasta izugarriarekin ez bada ere, liburuak saltzen direlako, publizitaterik gabe eta soilik ahoz ahoko bideari eusten», adierazi du. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Del titular grueso a la letra pequeña
Euskal Herria
«Estamos al inicio de un camino que sigue necesitando compromisos»
Euskal Herria
El juez cita el miércoles a Otegi, para quien el fiscal mantiene su petición
Euskal Herria
«Ahora nos toca trabajar a nosotros, no podemos dejárselo a los políticos»
Kultura
Fallece el realizador Eloy de la Iglesia en un hospital de Madrid
Kirolak
Bakero toma el relevo de Arkonada
Euskal Herria
La Unión Europea da su respaldo a Zapatero para «buscar una solución al largo conflicto»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea