GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-24
Zinea eta giza eskubideen topaketak
Ikusleari «segada» bat prestatu dio Asier Altunak «Sarean» film laburrean
Zinea eta Giza Eskubideen IV. Topaketak Donostiako Antzoki Zaharrean abiatuko dira gaur, Euskal Herrian ekoitziriko bi filmekin. Lehenengoa «Sarean» da, Asier Altunak eginiko lan labur-laburra. Gaur ikusi ahal izango da lehenengo aldiz. Bigarren filma, berriz, «Zeru horiek» da, Aizpea Goenagak Atxagaren nobelaren gainean eginiko TV movie-a, orain dela gutxi Biarrizko FIPAn ikusi ahal izan dena. Martxoa bukatu bitartean hogeita hamar film proiektatuko dituzte Topaketetan.

DONOSTIA

Telmo Esnalekin batean “Aupa Etxebeste!” arrakastatsua egin ondoren, ikusmin handia sortu du Asier Altunaren lan berriak, lan horrek bost minutu baino irauten ez badu ere.

“Boga-boga” eta “Itsasoa laino dago” soinu-bandak lagun, arrantzaleak portutik atera eta sareak bota dituzte. Ikusleak dokumental etnologiko baten aurrean dagoela pentsa dezake, baina, arrantzaleak sareak biltzen hasten direnean, oso oker zegoela ikusiko du.

«Tranpa bat da», aitortu zuen atzo Altunak berak. Horren zergatia ere azaldu zuen: «Proiektua orain dela lau bat urte hasi nintzen mamitzen. Itsasoan itotako hainbat etorkinen gorpuak hondartzetan uzten ari zen marea. Irudi horiek berebizi inpaktatu ninduten. Nire inguruan, aldiz, ez nuen inpaktu hori sumatu. Itxura denez, horrelako irudiak sarriegi ikustearen ondorioz, inmunizatuta gaude. Eta gogoeta horrek lantxo hau egitera eraman ninduen. Bere xumean, inmunitatearen lozorrotik atera nahi gaituen zaplatekoa da».

Nola edo hala, “Aupa Etxebeste!”ren zurrunbiloan sartuta jarraitzen dute Altunak eta Esnalek. Izan ere, orain dela gutxi filma Manchesterren erakustetik etorri dira, eta bihar bertan berriro abiatuko dira, oraingoan Mexicora, Guadalajarara. Zurrunbiloaren indarra, alabaina, ez da gaur egun iazko azken hilabeteetan bezain handia, eta horrek aukera eman dio Altunari joan zen udan filmatu zituen irudiak muntatzeko. «Filmatzea, berez, lasai-lasai egin nuen, ‘Aupa Etxebeste!’ bukatu ondoren. Ez zen erraza izan, zinema eta itsasoa ez baitira inoiz ondo konpontzen, baina, tira, bi egunetan egina zegoen. Gero, muntaia egiteko, beste pare bat egun. Dena etxeko giroan».

Tandem sendoa, ez banaezina

Elkarrekin hainbatetan lan egin ondoren, Altuna eta Esnalen tandemak banaezina zirudien, baina, ez, oraingoan bergararra bakarka aritu baita. «Ez gaude ezkonduta, beraz...», desenkusatu zen txantxetan. Gero, serioago, zera gaineratu zuen: «Lehenago ere bakoitza bere aldetik ibiliak gara. ‘Topeka’, esaterako, bakarrik egin nuen. Ondo etortzen zaigu noizean behin. Horrek ez du esan nahi batera lan egiten jarraituko ez dugunik». Izan ere, «istorio batzuk» lantzen ari dira, eta “Aupa Etxebeste!”ren esperientzia berritzeko gogorik ere ez dute falta. «Baina lasai, presarik gabe», nabarmendu zuen.



Aizpea Goenagaren «Zeru horiek», gaur, Donostian
M.A.

DONOSTIA

“Zeru horiek”, Aizpea Goenagak Bernardo Atxagaren nobela oinarritzat harturik telebistarako egin duen filma, Biarrizko FIPAn aurkeztu zuten urtarrilean, eta Donostian, berriz, gaur aurkeztuko dute. Hori dela-eta, Goenagak, Atxagak eta Nagore Aranburu aktore protagonistak prentsaurre- koa egin zuten atzo.

“Zeru horiek” kartzelatik «damututa» atera den Irene euskal militantearen istorioa da. Etxera bueltako bidaian, autobusean, gogoeta egiten du. «Filma ezin une aproposagoan dator ­esan zuen Atxagak, ETAren su-etena entzule guztien gogoan zegoela­. Orain dela 13-14 urte idatzitako nobela da. Garai hartan denok sumatzen genuen aldi bat bukatuta zegoela, baina fikzioaren denbora eta beste denborak ez datoz beti bat». Goenaga eta Aranbururen lana goraipatu zuen: «Aparta izan da».

Goenagak, berriz, filma «amets bat gauzatzea» izan dela nabarmendu zuen. Oso azkar lan egin behar izan dute eta helburua ekipoaren konplizitate handiari esker lortu ahal izan dute. Istorioari buruz, zera esan zuen: «Herri honetan bidaia asko dago; Irenerena bat da. Ea beste bidaia batzuk islatzeko, film gehiago egiteko aukera dugun». Antzeko hitzak erabili zituen Aranburuk, eta, beretzat, rol protagonista jokatzea sekulako erantzukizuna izan dela ere gaineratu zuen.

Prentsaurrekoan, Javier Martín Domínguez TVEko zuzendaritzako kideak ere hartu zuen parte. Izan ere, TVE izan da filmaren ekoizle nagusia. Lehen aldiz ekoitzi du film bat euskaraz, eta jarraitzeko asmoa omen du. TVEk orain arte ez du TV movie-rik egin, eta, hain justu, “Zeru horiek” izan da egiten hastea ahalbidetu duen proiektua. «Egiterik badagoela ikusi dugu, eta urte hondarrerako hamar bat proiektu mahai gainean izatea espero dugu, batzuk euskaraz», esan zuen. Ramon Saizarbitoria eta Anjel Lertxundiren lanetan oinarritutako bi, behintzat, egosten ari dira.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Del titular grueso a la letra pequeña
Euskal Herria
«Estamos al inicio de un camino que sigue necesitando compromisos»
Euskal Herria
El juez cita el miércoles a Otegi, para quien el fiscal mantiene su petición
Euskal Herria
«Ahora nos toca trabajar a nosotros, no podemos dejárselo a los políticos»
Kultura
Fallece el realizador Eloy de la Iglesia en un hospital de Madrid
Kirolak
Bakero toma el relevo de Arkonada
Euskal Herria
La Unión Europea da su respaldo a Zapatero para «buscar una solución al largo conflicto»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea