«Txirrita Hernanin» bertso saioa larunbatean
HERNANI
“Txirrita Hernanin 2006” bertso emanaldi musikatua izango da lehen aldiz datorren larunbatean Biteri kultur etxean, iluntzeko 20.00etan. Hernaniar bertsolariaren omenez, Txirritaren betiko bertsoak abestearekin batera, gaur egungoak nolakoak izango liratekeen irudikatuko dute Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre bertsolariek. Horretarako hainbat gairen inguruan egin dute gogoeta; hala nola, gaurko sagardotegiak, oraingo Hernani, gazteen janzkera, egungo bertsolaritza, ordu txikietako ibilerak, etorkinakŠ gai horiei guztiei Txirritak emango lieken begiratua amestuko dute nolabait Irazuk eta Agirrek, eta egiteko horretan, Joxan Goikoetxea musikariaren doinuak izango dituzte lagun.
Herrira bueltan
“Txirrita Hernanin 2006” ikuskizunean itzulera baten istorioa kontatzen da. Bertso guztiak harilkatuko dituen lokarria hauxe da: Txirrita Hernanira itzuliko da sei egunez, eta epe horretan, bertan ikusitakoak oinarritzat hartuta, bi bertsolarion ahotik abestuko ditu garai honi egokitutako bertsoak. Horrekin batera, bere betiko bertsoak ere entzun ahal izango dituzte ikuskizunera bertaratzen direnek eta horietako asko, gaur egun, oraindik ere, esanahi berezia izaten jarraitzen dutenak.
|