GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-04-02
«Irizarren eredua kooperatiben baloreak sakontzea baino ez da»
Andoni Etxebarrietak Koldo Saratxagaren lekukoa hartu du Irizar autobus egilearen koordinatzaile karguan. Haren ustez, Irizar eredua Saratxaga gabe ere aurrera doa, bere ezaugarrietako bat egoera ezberdinei egokitzea delako. Eredua kooperatiben baloreak sakontzea baino ez dela nabarmendu du Etxebarrietak.

Irizarrek emaitzak %50 igo zituen iaz. Modu horretan, azken urteotan bezala, Ormaiztegiko autobus egileak hazkunde joerari eutsi dio, bere izena daraman lan egiteko eredu bereziaren bitartez. Andoni Etxebarrieta koordinatzaile berria da, eta ez du lan makala izango Koldo Saratxaga ordezkatzen. Izan ere, Saratxagak Irizarren bere marka utzi zuen, haren lan egiteko moduagatik eta duen izaeragatik beragatik. Saratxagak berak proposatu zuen Etxebarrieta kargua betetzeko, eta «Irizar» ereduak aurrera jarraitzeko. Egoera berrietara egokitzeko ahalmena eredu horren ezaugarria izanik, ereduak jarraitzen du fruituak ematen, Etxebarrietaren esanetan.

­Koldo Saratxagak Irizar utzi zuenean, hark ezarritako lan egiteko ereduak bera gabe jarraitu ahal izango zuen galdetzen genuen. Aldaketarik izan da hilabete hauetan?

Jarraitzen ari gara. Aldaketak beti daude. Koldorekin eta Koldo gabe. Koldo zegoen bitartean ere, eredua aldatzen joan zen. Eredu hori ez zen 1991n sortu. Gauza ezberdinak planteatzen ari ziren, eta pixkanaka-pixkanaka eredu aldaketak urtero egin dira. Azkenean ereduak berak egiten duena da berrikuntza, baita kudeaketa mailan ere. Urtero estrategiaz pentsatu behar da, eta urtero gaur dugun eredua egokia den edo aldatu behar den erabaki behar da. Hori da egiten duguna, eta hori da Koldok ere urtero egin izan duena.

­Baina zalantza hori hor zegoen.

Ez Koldok soilik, jende askok esaten zuen zer gertatuko zen Irizarrekin Koldo ez bazegoen. Koldo nahiko berezia delako, lider orokor bat da, eta niretzat oso pertsona maitagarria. Ereduak berak sorten ditu liderrak. Askatasuna ematen badiozu jendeari eta jendeak taldean lan egiten duenean lortzen duzu jendearen onena ateratzea. Eta, eredu honetan, Ormaiztegin jendea nahiko berezia da, eta ikusten du lantegiaren alde egin behar duela, inguruko jendearekin lan egin behar duela, eta helburu batzuk jarri behar dituela taldean. Hobekuntza, oro har, jende guztiarentzat da. Horrek liderrak sortzen ditu, eta lider horiek errazago egiten dute Irizarrek aurrera jarraitzea. Askoz zailagoa zen 1991n hau martxan jartzea, jende berria sartzea eta jendeari buruan sartzea nola lan egin behar zen. Errazagoa da jendeak lan-talde batean jarraitzea daramatenean hamar, hamabi edo zazpi urte lan honekin.

­Eta garai txarrak iristen direnean?

Jende askorentzako lehenengo lana izan da Irizarrekoa, eta ez dute ulertzen lantegi batean norbaitek esatea nola egin behar diren gauza guztiak eta prozesu guztiak jarraitu behar dituztela, beti gauza bera izan behar dela, eta ezin duzula ezer aportatu. Hori ez dute ulertzen. Baina, ez dute inoiz krisialdirik ikusi. Normalean gauzak beti ondo joan dira Irizarren. Baina, eredu honek ere eramaten du prest egotera merkatuan, bezeroak entzutera eta jakitera zer gertatzen ari den eta zeintzuk diren euren nahiak. Krisialdiak datozenean, uste dugu gu arinagoak izango garela gauzak aldatzen beste modu bateanegiteko, eta, hala, krisialdiari buelta emateko. Hori da guk uste duguna. Koldo joan zenetik jarraitu dugu lanean eta berekin hartu-emanetan gaude, baina, hark ere, Irizar uztean, ikusi behar zuen jendeak ereduari jarraitu ahal ziola bera gabe. Berak jarraitzen du beste lan batzuekin, baina baita ideia berberekin ere: nola lortu jendeak lan taldea egitea, askatasunez erabakiak hartzea eta hobekuntzak lortzea. Hori jarraitzen du egiten. Eta Irizarrek izan dituen emaitzak Koldok hamar urte hauetan egin duen lanari esker izan dira. Asko eskertzen diot. Joan zenean ere 300 pertsona egon ziren hemen egindako lana eskertzen.

­Zuretzako ere Irizar modeloa ez da berria. Urola kooperatibatik zatoz, eta han ere modelo hau izan duzue.

Hasieran Eroskiko logistika zuzendaria izan nintzen, eta han plataformekin lortu genuen talde lanak sortzea, eta pixka bat Irizarren modeloa Eroskiko plataformetan martxan jartzea. Gero Koldok Urolara joateko eskatu zidan. Urola krisialdian zegoen, eta Irizarrera etorri baino lehen Koldo Urolako zuzendaria izan zen. Orduan etorri nintzen ikusteko zer estrategia jarri ahal genuen. Nahiko egoera txarra zegoen Urolan une hartan. Plastikozko ontziak egiten ditu lantegi batean, eta beste batean ontziak egiteko makinak. Inbertsioetan arazoak ziren, eta nahikoa jaitsi ziren eskaerak. Lanean egon nintzen ikusteko zer estrategia jarri behar ziren martxan Irizarreko modeloarekin. Edozein lantegitara joaten garenean, bilera egiten dugu Irizarreko modeloa azaltzeko eta jendeak nola landu jakiteko. Krisialdiaren aurka ezin da ezer egin, baina taldean lan egiten bada, lor daitezke emaitzarik onenak krisian. Ampon eta Urolan jendeak onartu zuen modelo honetan lan egitea, eta ahalik eta emaitza onenak lortzea.

­Krisialditik atera eta modeloak balio duela erakutsi du.

Hor landu genituen ideia hauek, eta ideia hauekin jarraitzen dute Urolan Mikel Larrañagarekin orain, koordinatzailea da bera. Pertsona batzuk daude, Mikel Larrañaga, esaterako, edo Inazio Estensoro, Ampoko koordinatzailea, mugitu direnak kooperatiba batzuetatik beste batzuetara, azkenean kooperatibako baloreak sakontzea nola lortu ahal den ikusteko. Azkenean, Irizarren modeloa kooperatibaren baloreak sakontzea soilik da. Kooperatiba batzuek dituzten baloreak multinazionalenak direlako. Eta orain pentsatzen ari gara MCCren barruan nola sakondu behar ditugun gure baloreak. 35.000 pertsona gara Euskal Herrian, eta jende gehiago mundu osoan, baina balore horiek garrantzitsuak dira guretzat eta desberdindu egiten gaitu kooperatibak. Gero emaitzak denok lortu behar ditugu, bai kooperatibek baita beste enpresek ere, baina modelo horrek egiten duena da balore horiek sakontzea, lan taldeak sortzea eta askatasuna eta erantzukizuna jorratzea.

­MCCk dibisio berri bat sortu du Irizar, Ampo eta Urola kooperatibekin, hain zuzen, modelo honi jarraitzen diozuen koooperatibekin.

Joan den urrian egin zen MCCko kongresuan dibisio berri hori. Sektorekoa izan beharrean ­automozioa, makina-erreminta edo eraikuntzakoa, esaterako­, lan egiteko modeloaren araberakoa izan zen. Urolak, Ampok eta Irizarrek modelo berbera daukagu. Koldok bere ideiekin lortu du beste kooperatibak ere modelo horretan sartzea, hierarkiarik ez egotea, eta erantzukizunez jokatzea. Asmoa da antolakuntza bezeroari lotzea, bezero bakoitzari, eta lan taldea egitea arlo ezberdinetan. Azken finean, guri ordaintzen diguna bezeroa da, eta bezeroarekin lan egin behar dugu. Uztailetik aurrera martxan jarriko da dibisio hori, eta hiru kooperatiba horiek egongo gara. Gure izena Goikide da.

­Dibiso berriaren asmoa eredua MCCko beste kooperatibetara zabaltzea da?

Guk lagundu egiten dugu. Beste kooperatiba batzuk etortzen dira ikustera zer egiten dugun eta nola lortu ahal duten eurek ere modeloa. Kooperatiba batzuek modelo hau erabiliz aldaketak egin dituzte euren lantokietan. Eta prest gaude horretarako, prozesuak nola egiten ditugun erakusteko: gure batzarrak, gure komunikazioa jendearekin, zer gauza diren garrantzitsuak eta zeintzuk ez diren garrantzitsuak guretzat... Ez soilik kooperatibetatik, beste enpresetatik edo unibertsitatetik ere etortzen dira zertan lan egiten dugun ikustera, zeintzuk diren balore garrantzitsuak guretzat eta gure modelo eta arrakastaren zergatia ezagutzeko.

­Baina, ez dira sartu dibisio berrian.

Beste kooperatiba batzuk nahiago dute gure modeloa ezartzea eta euren dibisioetan jarraitzea. Hiru kooperatiba hauek ez dugu sinergia asko beste kooperatibekin, baina guk kolaboratzen dugu beste kooperatibekin, inbertsio mailan edo herrialde ezberdinetan daudelako, eta azken biltzarrean onartu zen hiru hauekin martxan jartzea. -



«Emaitzak urtero hobetzen ditugu, aldaketen aurrean besteek baino arinago egiten ditugulako gauzak»
Irizarren lan egiteko ereduak, orain arte, emaitza ezin hobeak ematen dituela erakutsi du. Andoni Etxebarrietaren ustez, bezeroarengandik hurbil egoteak ekarri du ondorio hori, eta aurten ere joera berari eustea espero dutenez, hainbat lantoki handitu egingo dituzte.

­Irizarren emaitzak %50 igo ziren iaz. Zertan oinarritu da hazkunde hori?

Urtero-urtero handitzen ari dira emaitzak, eta urtero herrialde gehiagotan egoten gara. Aldakuntzak egon dira munduan, eta guk besteek baino egokiago eta arinago egiten ditugu gauzak. Badugu modelo bat finkatuta, eta modelo horrek egiten du jendea aldaketak egiteko eta gauzak arinago egiteko prest egotea. 2002. urtean hasi ginen jende gehiago sartzen merkatuetan, bezeroek nahi zutena egiten jakiteko, hain zuzen. Horri esker gure maila igotzen joan da. 2004. urtean Century berritu genuen, eta azkeneko bi urteotan PB Europan ere saldu dugu. Gauza horiei guztiei esker emaitzak hobetzen joan dira.

­Aurten ere eredu horri eutsiz emaitzak hobetzea espero duzue.

Bai, baina guk ez dugu 2006. urteko plangintza bat egitea pentsatzen. Ez dakigu zer gertatuko den. Israeleko istiluekin 2001ean 400 autokar saldu genituen, eta 2002an ez zen ezer saldu. Baina, halako zerbait gertatzen denean, bertako merkatuko pertsonekin hitz egin eta zer arazo dauden ikus dezakegu. Eta, bertako bezeroekin lanean jarraituz gero, merkatua aldatzen denean prest gaude. Hori gertatu zen Israelen ere, eta iaz saldu genituen ia 160 autokar. Bezeroekin beti prest egon behar da, badakitelako ez zarela merkatu horretatik irten, eta nahiz eta jende gehiegi eduki merkatu batentzat, aldatzen denean prest zaude; jendeak hori eskertzen du. 2006. urtean zer gertatuko den? Ba arazoak izan daitezke petrolioarekin edo beste gauza batzuekin. Herrialde bakoitzerako talde bakoitzak bere plangintza egiten du, eta zer arazo dauden ikusita, aldatzen joaten da. Gure asmoa da handitzen jarraitzea, urtero bezala.

­Tokiko egoerak ikusita, erabaki duzue Mexiko eta Brasilgo lantegia handitzea. Baduzue beste nonbaiten lantoki berriak irekitzeko asmorik?

Orain zabaltzen ari gara dauzkagunak. Pentsatzen ari gara Indiako merkatua nola aldatzen den ikusita, beste lantegi bat egitea edo daukaguna handitzea. Orain urtero ia 500 kotxe ari gara egiten. Eta espero dugu aurten 600era iristea. Hortik gora handitu edo beste lantegi bat beharko dugu. Baina, orain ez dugu beste herrialdeetan lantegiak zabaltzeko asmorik. Hegoafrikan egin duguna egingo dugu. Karrozeria egiten dugu Brasilen, eta Hegoafrikara bidaltzen dugu. Han muntaia egiten dugu txasisekin eta bertako eta inguruko herrietan saltzen dugu .

­Aurkitu al duzue bezerorik EEBBetan sartzeko?

Arazoa da Ipar Ameriketan txasisak egiten ari direnak eurek egiten dituztela euren karrozeriak ere. Ez dauzkagu Europan, Asian edo Hego Ameriketan dauzkagun txasis egileak. Bilatzen ari gara, txasis horiek erosteko eta Mexikoko lantokian autokarrak egiteko Ipar Ameriketarako. 1997an bezero bat genuen, eta oso pozik zegoen, baina egileak itxi egin zuen lantokia.

­Txinan enpresa pribatu batek ordezkatuko du orain arte izan duzuen kide publikoa. Badakizue zein izango den?

Prozesu hori martxan dago, kide publikoak jarri ditu enkantean akzioak salgai, eta bazkide pribatu batek erosiko ditu. Datorren hilerako izango dugu kide pribatua. Errazagoa izango da Txinan lan egitea, burokrazia handia delako, eta lan egiteko modua ezberdina delako. Indian, berriz, ohituta daude ingelesekin negozioak eramaten. Txinan apurka-apurka hori aldatzen joango dela uste dut, baina, behar izango dira urte batzuk pentsamolde hori aldatzeko.

­Autobus modelo berri bat ere egiten hasiko zarete.

PBrekin eta Centuryrekin lortu ditugun emaitzak jakin ondoren, modelo berri bat egiten ari gara Intercenturyren ordez, prestakuntza hobeak lortzeko eta gure bezeroak behar duena baino gehiago emateko. Merkatu batzuk prest egongo dira modelo horrekin lan egiteko, eta beste batzuek denbora gehiago beharko dute. Beharrak leku ezberdinetan nola aldatzen diren ikusita, modelo hori sartzen joango gara. Baina, lehenengo, Europan salduko da soilik. -

P.R.A.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
No es un frente, es un país que camina
Iritzia
La hora de la verdad
Euskal Herria
1989, 1999, 2006; BAKEARI BEGIRAko hiru argazki
Euskal Herria
Manifestación histórica en favor de una solución democrática para Euskal Herria
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea