GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 2006-04-02
Julen Murgoitio
Radarrez

Argituz doa euskal labirintoa, labirintoa izaten segitzen badu ere. Armen ustezko traba desagertuta hamaika bidetako labirinto bilakatu da euskal orubea. Nahaste-borrastearen azkenaren hasieran gara, beheko estatuburuaren hizte- gia maileguan hartuta. Eta, hortaz, Alicek lurralde miresgarrian izan zituen abenturetariko bat etorri zait burura; labirintoaren erdian katuarekin topo egin zuenekoa. Alicek horrela galdetu omen zion katuari: esango al zenidake, mesedez, zein bide jarraitu behar dudan hemendik irteteko?, eta katuak horrela erantzun: iritsi nahi duzun tokiaren araberakoa izango da, eta Alicek berriro: lekua ez zait askorik axola, eta katuak azkenean: orduan ez zaizu bidea ere askorik axolako. Zer bide hartu jakite aldera, askoz hobea da lortu nahi den biharko egoera iraunkorretik atze-ikustea gaurko egoera iraunezinetik aurre-ikustea baino. Ba hori, atzekoz aurrera behar da bidea egin labirintotik ateratzeko, bertsolari onek egin modura, handik edo hemendik abiatuta ere aurretik argi izanda nora iritsi nahi den.

Labirintoa labirinto, gurean alferrena ere hasia da bere errepide-mapa egiten, azkenean mapa gehiago errepide baino izango bada ere. Ez da erraza izango errepide-mapa komuna ateratzea. Zenbat biribilgune ez diren hor izango! batzuek seguru denbora luzea eman nahi izango dute horietan, buelta hutsean, katua saguaren atzean legez, auzitegi nazionala ezker abertzalearen atzean xaxaka legez; alferrik. Eta bidegurutzeak? ene! bidegurutze piloa mapan!, horietariko batzuk gurutze-bide, seguru, are gehiago aste santuaren atarian egonda; kalbarioa! Zenbat lurpeko bide eta zenbat bide-zubi mapan!, batzuek denbora galdu nahian baliatu nahi izango dituzte bide-zubiok zubiing egiteko. Eta zer esan abiaduraz? radarrez kontrolatu beharko da abiadura, errepide-mapa ganorazkoa izango bada, behinik behin; baina ez gehienezko abiadura ez gainditzeko, ez horixe, gutxienezkoa gainditzen behartzeko, alferrenak ere azeleragailua zapaldu dezan, prozesua neurriko abiaduran joan dadin; horretarako radarra. A! eta bidaiaren segurtasuna bermatze aldera, umeak atzean eta lotuta; eta umeekin batera alderdietako mitxelinak berak ere, edo hobeto, mitxelinok maletategira! eta kanpotik ondo itxita!, badaezpada, prozesuaren gidarien arreta desbideratu ez dezaten. Betiko bestelako neurriak ere kontuan hartzekoak dira honelako prozesubide baten hasieran, hau da, segurtasun uhala, segurtasun tartea, esku libreko telefonoa, haizetako- garbigailurako ura... Hori bai, errepide-mapa berri honek behar dituen trafiko-arauei begira, orain aipatuak buruzkoak badira ere, beste batzuk errotik aldatzekoak dira. Horra, labirintotik ateratzeko errepideetan ezin da stopik onartu, kontuz eta astiro ibiltzeko bide-tarteak izanda ere. Eta bidegurutzetan akabo eskumari bidea ematearena, akabo! aurrerantzean ezkerrak du lehentasuna, beti. Ba arauak arau, abiatzeko garaia da!, batzuk Ikea sindromeak hartuta badaude ere: zenbat mahai? eta aulki? Umeak atzean, demontre! Eta radarrez. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
No es un frente, es un país que camina
Iritzia
La hora de la verdad
Euskal Herria
1989, 1999, 2006; BAKEARI BEGIRAko hiru argazki
Euskal Herria
Manifestación histórica en favor de una solución democrática para Euskal Herria
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea